Espainiako Gobernuaren kontrol saioa dute gaur Espainiako Kongresuan, eta, hasi aurretik, Arkaitz Bellon Puerto I-eko espetxean hildako presoaren heriotza salatu dute Amaiurreko diputatuek.
Giza eskubideak, irtenbidea, bakea. Euskal Presoak Euskal Herrira zioen karteletako batek, eta Arkaitz Bellon hila, gobernua arduradun gaztelaniaz beste batek. Horrez gain, euskal presoak Euskal Herriratzeko banderak ere zabaldu dituzte.
Horiek gordetzeko agindu die Jesus Posada Espainiako Kongresuko presidenteak, eta, bigarrenean, kaleratu egingo zituela ohartarazi die. Xabier Mikel Errekondo diputatuak, berriz, gutun bat eman dio PPri, espetxe politika alda dezala eskatuz. Errekondok azaldu duenez, Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak uko egin dio Bellonen heriotzaren inguruan azalpenak emateari, eta horregatik egin dute protesta Amaiurrekoek.
Gaur zortzi hil zen Bellon, Puerto de Santa Mariako espetxean. Atzo konfiantzazko medikuak jakinarazi zuenez, bihotz jatorriko biriketako edema akutu batek hil du presoa, eta uste du espetxeak eragina duela.