'CABACAS AUZIA'

Beltran de Herediak uste du Cabacasen heriotza "istripu bat" izan zela

Bat dator Ertzaintzako zuzendariaren hitzekin: "Inork ez zuen hura hiltzeko asmorik". Julen Arzuagak erantzun dio pilotak jaurtitzeko eskopeta erabiltzea ezin dela istriputzat jo.

2013ko apirilaren 12a
16:10
Entzun

Gervasio Gabirondo Ertzaintzako zuzendariak esan zuen Iñigo Cabacasen heriotza "istripu bat" izan zela, "inork" ez zuelako "hura hiltzeko asmorik". Iritzi horrekin bat datorrela azaldu du gaur Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak.

Jaurlaritzaren kontrol saioa egiten ari dira gaur Eusko Legebiltzarrean, eta Gabirondok esandakoaren inguruan galdetu dio EH Bilduk Beltran de Herediari. Segurtasun sailburuak esan du "inork" ez zuela Cabacas hiltzeko "asmorik". Gainera, eskatu du "polemika faltsuak" ez sortzeko eta Cabacas zenaren senideei "sufritzen dutena baino oinaze handiagoa" ez eragiteko.

Halaber, nabarmendu du beharrezkoa dela itxarotea ea ikerketa judizialaren ondorioek zer dioten eta ea epaitegiek "inputazioak eta erantzukizunak" argitzen dituzten: "Inork ez dezala zalantzan jarri ebazpenak eta erantzukizunak beteko ditugula".

Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak egin dio galdera Beltran de Herediari, eta Segurtasun sailburuak "demagogiaz eta anbiguotasunez" jokatzea egotzi dio Arzuagari. "Biktimen defendatzaile" izan nahi izatea leporatu dio, gai horretan "lan asko egiteko badu ere".

Cabacas hiltzeko asmorik inork ez zuela eta, Arzuagak erantzun egin dio Beltran de Herediari: "Besterik ez genuen behar, Ertzaintzan norbaitek hiltzeko borondatea izatea". Cabacas zauritu zuten gauean Ertzaintzaren oldarraldia "neurrigabea" izan zela oroitarazi du, eta gaineratu pilotak jaurtitzeko eskopeta erabiltzea ezin dela istriputzat jo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.