Zaldibarko luizia

Beltran eta Sololuzeren omenez lore eskaintzak egin dituzte hainbat herritan

Hiru hilabete dira Zaldibarko zabortegiko bi langileak luizian desagertu zirela. Zaldibar Argitu plataformak protesta egiteko eta haiek oroitzeko lapiko jotze batera deitu du iluntzerako.

Langileen omenezko lore eskaintza, Ermuan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2020ko maiatzaren 6a
19:45
Entzun

Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze desagertuta daude otsailaren 6az geroztik, duela hiru hilabetetik. Zaldibarko Verter Recycling zabortegiko langileak ziren, eta haren luiziak azpian harrapatu zituen. Gaur, haien omenezko lore eskaintzak egin dituzte Zaldibarren (Bizkaia), baita Eibarren (Gipuzkoa), Elgetan (Gipuzkoa), Ermuan (Bizkaia), Markinan (Bizkaia) eta Zallan (Bizkaia) ere. Zaldibar Argitu plataformak sustatu du ekintza.

«Hiru hilabeteren ostean, batzuek guztia ahaztu nahi dute. Onartezina delako, gaur Alberto eta Joaquin oroituko ditugu herriko plazetan, eta ez gara geldituko Zaldibarren gertatutako guztia argitu arte», adierazi du plataformak. Egun osoan egin dute lore eskaintza, kalera ateratzeko baimena aprobetxatuz; Eibarren, Elgetan, Ermuan eta Zaldibarren, zabortegitik gertuen dauden udalerriak direlako, eta Markinan eta Zallan, langileak han bizi zirelako.

Zaldibar Argitu plataformakoak pozik daude herritarren erantzunarekin. Lore dendak itxita daudenez gero, herritarrek eurek jasotako loreak utzi behar izan dituzte plazetan, baita paperarekin egindakoak ere. Loreak langileen izenak zeramatzaten kartelen ondoan utzi dituzte; Hiru hilabete. Herriak ez du ahazten izan da leloa.

Gainera, plataformak lapiko jotze batera deitu du 20:30erako, Zaldibarko zabortegiko hondamendiagatik protesta egiteko, eta zenbait herritarrek kandelak atera dituzte leihora, Beltran eta Sololuze oroitzeko.

Bi langileen senideek zenbait mezu zabaldu dituzte sare sozialetan. «XXI. mendean, nola da posible lur-jausia gertatu eta hiru hilabetera bi langileen gorpuek oraindik zaborpean segitzea?», idatzi du Helene Alberdik Twitterren; Sololuzeren iloba da bera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.