Jose Maria Benegas PSOEko diputatuaren esanetan, gezurra da bere alderdiak EAJrekin Espainiako aurrekontuei buruz izandako negoziazioetan Batasuna legeztatzeko aukerari buruz aritu zirela. Hain zuzen, aukera horren kontra egiteko asmoz PPrekin egindako lege proposamena aurkezteko agerraldian esan zituen horiek atzo Benegasek, Jose Antonio Bermudez de Castro PPko diputatua alboan zuela.
Benegasen hitzetan, aurrekontuei buruz eta ekonomian Espainiarentzat onena denari buruz aritu ziren EAJrekin, eta, alde horretatik, EAJren «jarrera arduratsua» txalotu zuen.
Leire Pajin PSOEko Antolakuntzarako idazkariaren esanetan ere, aurrekontuez bakarrik izan zen EAJrekin izandako negoziazioa. Gainera, gai horri buruz EAJrekin adostu zuena ETAren aurkako borrokatik bereizi behar dela esan zuen, «horrek bere bide propioa jarraitzen baitu».
PSOEko zuzendaritzako bileraren ondoren egin zituen adierazpen horiek Pajinek. Azaldu zuenez, aurrekontuen inguruko akordioarekinlortutako egonkortasun politikoari buruz aritu zen bileran Jose Luis Rodriguez Zapatero. Pajinen hitzetan, orain PSOEk badu «nahikoa denbora eta egonkortasun» aurreikusitako erreformak egiteko, eta zalantzarik gabe gauzatuko ditu.
Urdaibai «salbatzeko»
Mikel Torres PSE-EEko zuzendaritzako kideak, berriz, PSOEk EAJrekin egindako akordioari buruzko zalantza batzuk plazaratu ditu. Itun horretan PSOEk agian «marra gorriren bat» gainditu duela esan du: «Esana genuen 30 kilometroko eremuan bi Guggenheim egotearen aurka geundela eta uste dut alor horretan gobernuko presidentea ez dela jabetu edo ez duela ondo negoziatu, nire ustez egin behar ez zituen gauza batzuk egin baititu». Hala ere, Zapatero «ulertzen» duela esan du, «itota zaudenean eta norbaitek eskua ematen dizunean behar den guztia ematen baitiozu salbatzeko».
Akordioaren arabera, Urdaibaiko Guggenheimi buruzko ikerketa egiteko 120.000 euroko partida bat izango da. Baina, Torresen hitzetan, «azterketa horiek ezdute lege baliorik eta ez dira kontuan hartu behar».
Josu Erkoreka EAJko diputatua, berriz, eskumenei buruz bere ustez 2011n egongo diren akordioei buruz mintzatu da. Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoaren inguruan akordioa egitea espero du. Espetxeei buruzko eskumena «urrutiago» ikusten du.
«Egonkortasunak» normalizazioan lagun dezakeelaberretsi du Erkorekak, baina gai hori ez zela aurrekontuen negoziazioan aztertu zehaztu du. Horri buruz Iñigo Urkullu eta Zapatero aritu zirela, «bilera pertsonaletan».
UPNk, abstentzioa
Espainiako Aurrekontuen aurka aurkeztutako osoko zuzenketen bozketetan abstentzioa emango duela jakinarazi du UPNk, «egonkortasuna behar delako eta jakina delako aurrekontuek ez dutela aurrera egingo».
Benegasek dio EAJrekin ez dutela hitz egin Batasuna legeztatzeaz
PSE-EEko Mikel Torresen ustez, PSOEk «marra gorriren bat» gainditu du EAJrekin egindako akordioan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu