Bildu ezkerreko eta abertzaleen koalizioak gaur arratsaldean egin du kanpainaurreko lehen ekitaldi handia: Donostian, Kursaal jauregian. Bi mila lagun sartzen dira aretoan, eta ia dena bete da. Maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetako programaren eduki nagusien berri eman du EA, Alternatiba eta independenteen koalizioak, eta azken batean azpimarratu du "benetako aldaketa" gauzatu nahi duela Hego Euskal Herrian.
Ekitaldiaren erdian bozetarako 50en bat hautagai oholtzara igo dira, eta aurkezleak esan du Nafarroako hautagaia Maiorga Ramirez dela, Arabakoa Itziar Ameztoi, Bizkaikoa Asier Vega eta Gipuzkoakoa Mertxe Aizpurua. Dena dela, Bilduk gaur ez du zehaztu haiek izango direnik herrialdeetako zerrendaburuak. Laurek hitzaldi laburra egin dute; batik bat, euskaraz.
Maiorga Ramirez (Nafarroako hautagaia). "Nafarroan prest gaude indarrak biltzeko, bazterkeriarik gabe. Mehatxuen aurrean ez gara kikilduko".
Itziar Ameztoi (Araba). "Araban aldaketa sozio-politikoa egitera goaz. Ez diegu PSE, PP eta PNVri utziko Arabako etorkizuna baldintzatzen".
Asier Vega (Bizkaia). "Bizkaian gobernatzen jardun dutenek ez daukate alternatiba berririk. Gure apustua aldaketa sozio-politikoa lortzea da, aldaketa oinarrizkoa eta benetakoa".
Mertxe Aizpurua (Gipuzkoa). "Milaka gara eta bildu egin behar gara. Urteetan bide ezberdinetan aritu garenak biltzea erabaki dugu. Aldaketa dator Gipuzkoara, eta olatu forma du. Ezkerrekoen eta abertzaleen olatua da".
Oskar Matute Alternatibako bozeramaileak, Bakartxo Ruiz independenteak eta Pello Urizar EAko idazkari nagusiak ere hitz egin dute. Matutek adierazi du "gizarte eredua krisian" dagoela eta Bilduk bestelako eredu baten alde egingo duela. Ruizek esan du Euskal Herriko egoera politiko berrian "herritarrek apustu irmoa" egina dutela eta Madrilek ez duela hori geratuko. Urizarrek azpimarratu du "benetako demokrazia" lortzeko xedea duela Bilduk.
Sabin Intxaurraga gogoan
Ekitaldiaren bukaeran gogoan izan dute Sabin Intxaurraga zena. EAn kide historikoa izandakoa duela hilabete batzuk hil zen, minbiziak jota. Pello Urizarrek esan du ezkerreko eta abertzaleen indar metaketaren alde egin zuela beti Intxaurragak.
Eusko gudariak eta Internazionala abestuz amaitu dute ekitaldia.