'Egunkaria auzia'

"Benetako delitua" 'Egunkaria' ixtea izan dela nabarmendu dute auzipetuek eta inputatu izan zirenek

Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Juan del Olmok atzo plazaratu zuen auzipetze autoa aztertuta, "babesgabe" sentitzen direla agertu dute 'Egunkaria auziko' auzipetuek eta inputatu izan zirenek. Errugabe direla, inolako erakunde armaturekin ez dutela inoiz harremanik izan, eta beren delitu bakarra euskararen normalizazioaren alde lan egitea izan dela berretsi dute."Benetako delitua 'Egunkaria' ixtea izan da", aldarrikatu dute. Jose Mari Elosua abokatuak, berriz, Del Olmoren autoa zantzuetan oinarritzen dela azpimarratu du, eta ez duela inolako frogarik aurkezten.

2004ko azaroaren 5a
18:02
Entzun
2003ko otsailaren 20an Guardia Zibilak 'Egunkaria' itxi zuenetik hamabi lagun nahastu dituzte auzi horretan. Horietatik zortzik agerraldia egin dute gaur komunikabideen aurrean Del Olmoren auzipetze autoaren inguruan duten iritzia emateko; zehazki, Joan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga auzipetuek, eta Luis Goia, Inma Gomila eta Fermin Lazkano hasieran inputatu arren orain kargu gabe geratu direnek. Gainerakoetatik bi hilda daude —1993an zendu zen Joxemi Zumalabe auzipetua, eta joan den urriaren 4an Martin Ugalde kargu gabegeratu dena—. Beste biek, ostera, ezin izan dute agerraldian parte hartu: Pello Zubiriak osasun arazoak dituelako, eta Xabier Alegriak 'Udalbiltza auziarekin' lotuta espetxean jarraitzen duelako.

Hala ere, guztien izenean egin dute adierazpena, eta argi eta garbi utzi nahi izan dute Del Olmok egozten dizkien delituak gezurra direla. "Legezkoak izan dira sortu ditugun enpresa eta elkarte guztiak. Lege barruan kokatu da euren jarduera guztia. Ez dugu inongo harremanik izan ezein erakunde armaturekin, ez enpresa gisa ez eta pertsona gisa ere", adierazi du Torrealdaik osterantzeko guztien izenean.

Horrez gain, "babesgabe" sentitzen direla eta ez dutela "epai justu bat" jasotzeko konfiantzariknabarmendu du. "'Egunkaria' ixtea eta bre sustatzaileak prozesatzea euskal gizartearen eta euskal herritarren aurkako atentatu juridikoa da. Benetako delitua 'Egunkaria' ixtea izan da. Prozesamendu honekin itxiera hori justifikatu nahi du epaileak", erantsi du. Hori dela eta, erakunde eta herritarren babesa eskatu dute "bidegabekariari aurre egiteko".

Abokatuen ustez, aztarnak besterik ez

Auzipetuak eta inputatu izan zirenak ez ezik, Jose Mari Elosua eta Iñigo Iruin abokatuek ere parte hartu dute agerraldian, eta ikuspegi juridikotik aztertu dute autoa. Elosuak azaldu duenez, auzipetze autoa aurrekoen ildo berekoa da, eta ez du inolako ekarpen berririk egin. Oinarri juridiko laburra duela nabarmendu du, frogetan ordez zantzuetan eta oso interpretazio zabaletan ardazten dela, eta, gainera, epailaren argudioaren zutabea "agiri zaharrak, jatorri zalantzagarrikoak" direla, "eta, batik bat, 'Egunkaria'-tik kanpo, harekin zerikusirik gabe, egindakoak".

Elosuak agertu du "legez kontrako elkarteko" kide izatea leporatzen diela epaileak auzipetuei, oso akusazio zehazgabea dela, eta litekeena dela ETArekin loturarik gabe amaitzea auzia. Hain justu, frogekin ordez aztarnekin eta interpretazioekin ibiltzearen ondorio da abokatuaren iduriko akusazio zehazgabe hori, eta Del Olmok berak 9. oinarri juridikoan zantzuetan oinarrituta dabilela onartzen duela nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.