Bere aurkarien zorionak jaso ditu Urkulluk, EBBko presidente kargua hartzeagatik. Baina, zorionekin batera, egurra ere jaso du.Patxi Lopez lehendakariak, Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuak eta Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak zoriondu dute datozen lau urteetan EBBko presidente izaten jarraituko duena. Baina kritika gogorrak ere egin dizkiote Eusko Jaurlaritzak, Basagoitik eta Espainiako Poliziaren zuzendariak.
Jaurlaritzaren ustez, Urkulluk ez du «Euskadiren pluraltasuna» onartzen, eta «euskal gizartearen aniztasuna» zalantzan jarri du. Ohar baten bidez azaldu duenez, «horixe dakar Euskadik benetako euskal gobernu bat, EAJren gobernu bat» behar duela esan izanak. Hori esanda Jaurlaritzaren zilegitasunaren aurka egin izana egotzi dio Urkulluri.
«Benetako euskal gobernua» izateko Jaurlaritzak«EAJren kontrolpekoa» izan behar duela adierazi izana ere salatu du, baita «benetako euskaldunak euskaldun nazionalistak» soilik direla pentsatzen duela ere.
Urkulluk estatuko segurtasun indarren zein Espainiako Auzitegi Nazionalaren aurka egin izana ere gaitzetsi du Jaurlaritzak, eta, adierazpen horiek «nazionalismo erradikalaren aurrean» EAJk duen urduritasuna erakusten dutela esan du.
'Batasunitis gaitzak' jota
EAJ eta batzuetan PSE-EE ere bai, «batasunitis gaitzak» harrapatzen dituztela adierazi du Basagoitik. «Otegi baino astoagoa edo Garitano baino basapiztiagoa nor den lehiatzea gustatzen zaie». Abertzaleen arteko «lehian» kokatu ditu Urkulluren adierazpenak.
Urkulluk Poliziaren inguruan esandakoak kritikatu ditu Ignacio Cosido Espainiako Poliziako zuzendari nagusiak: «Oinarrizko instituzioa da, eskubideak, askatasunak eta herritar guztien segurtasuna bermatzeko». Areago, ETAk 112 polizia hil dituela eta gizarteak horiei «zor ordainezina» diela ohartarazi du polizien buruak.
«Benetako euskaldunak» eta Eusko Jaurlaritza
Jaurlaritzak ohartarazi du «benetako euskal gobernuak» ez duela zertan «EAJren kontrolpean» egon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu