Lanpostuen eta industriaren defentsan ehunka langilek manifestazioa egin dute gaur eguerdian, Gasteizen, ELA, LAB eta ESK sindikatuek deituta. Ixtear dauden hamasei enpresetako langile batzordeek babestu dute mobilizazioa: zehazki, Alestis, Arkema, Candy, Condesa, Corrugados Azpeitia, Ecn Cable Group, Fundiciones Wec, Laminaciones Arregui, Tepsa, TS Fundiciones, Bionor, Cegasa, Orozko, Castimetal eta Servimax enpresetako ordezkariak izan dira manifestazioan. Halaber, azken orduan batu dira Aguraingo (Araba) Sapem lantegiko langileak ere, atzo iragarri baitzuen Arcelorrek itxi egin nahi duela lantegi hori. Manifestazioan "benetako politika industriala" eskatu diete erakundeei, bai eta enpleguan oinarritutako industria estrategia bat abian jartzeko ere.
Artium Museotik abiatu da manifestazio zaratatsua, eta Eusko Jaurlaritzaren Industria ordezkaritzaren aurrean amaitu da. Manifestazioa hasi aurretik, Araban den enplegu galerari aurre egiteko modu bakarra "borroka" dela azpimarratu du Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak. Bestetik, erakundeei lanpostu "galera handien" aurka ezer ez egitea leporatu die Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak erakundeei; bereziki Arabako erakundeen jarrera salatu du, herrialde horretan 11 enpresa desagertzear eta 2.000 lanpostu inguru galtzear daudelako.
Ekonomia
"Benetako politika industriala" eskatu dute ehunka langilek Gasteizen
ELA, LAB eta ESK-k deituta, manifestazioa egin dute ixtear dauden hamasei enpresetako langileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu