Etxebizitza turistikoak

Berandu baino lehen

Alokairu turistikoen aurkako protesta, Iruñean, azaroaren 14an. IDOIA ZABALETA, FOKU
edurne elizondo
2019ko azaroaren 22a
10:13
Entzun

Etsipen sentipenarekin, baina lanean jarraitzeko asmo garbiz. Halaxe zegoen Itxaso Andres, hilaren 14an, Iruñeko Udaletxe plazan egindako protestan. AZ egitasmoak deitu zuen elkarretaratzera; plataforma horren barruan dago Bizitzeko Alde Zaharra izeneko elkartea, eta talde horretan aritzen da Andres, gentrifikazioaren eta turistifikazioaren aurka. Plazan protesta egiten zuten bitartean, herriko etxean hiriko etxebizitza turistikoen eta hotelen inguruko ordenantza berria onartu zuten udaleko taldeek.

"Ez da nahikoa; ez da ona", laburbildu du Andresek arautegi berriaren mamia. Alde Zaharrean bizitzen jarraitzeko aukera jokoan dela erantsi du, eta neurriak behar direla, berandu baino lehen, turistifikazioaren aurka. "Ez gara Bilbo edo Donostia, baina egungo Iruñea ere ez da duela hamar urtekoa", ohartarazi du.

Ordenantza berriak epe motzerako urratsak baldintzatuko dituela argi du, gutxienez hiru urtez egonen delako indarrean, baina lanean segitzera deitu ditu herritarrak, Alde Zaharreko bizilagunek bizitzeko auzo bat izaten jarrai dezaten. "Oreka behar dugu", berretsi du.

Azken urteotan, Iruñeko Alde Zaharreko bizilagunek jarri dute turistifikazioaren auzia mahai gainean, behin eta berriz. Kezka piztu du turismoaren azken garaiko garapenak, eta, batez ere, etxebizitza turistikoen kopuruak nabarmen gora egin izanak eta jarduera horren gaineko kontrolik ezak. Kezka horrek jo ditu udaletxeko taldeak ere, eta, ondorioz, iazko otsailean, jarduera hori mugatzeko neurriak hartu zituzten, lehendabizikoz. Orduan hasitako prozesua orain amaitu da, hilaren 14ko osoko bilkuran behin betiko ordenantza onartu eta gero.

Bi ardatz nagusi ditu onartutako arautegiak: batetik, etxebizitza turistikoen alokairuaren esparruan, ordenantzak ezarri du eraikinetako lehendabiziko solairuan egon ahal izanen direla, bakarrik; eta, betiere, ezin izanen dutela eraikinaren %25 baino gehiago hartu. Udaletxeko talde guztiek egin dute bat neurri horrekin.

Hirian hotel berriak zabaltzeko aukera ere mugatu du ordenantzak: Alde Zaharreko edozein etxaditan jarri ahal izanen dituzte, baina, edozein kasutan, ezin izanen dute etxadi horren %25 baino gehiago hartu. Neurri horren aldeko botoa eman dute Navarra Sumak, PSNk eta Geroa Baik; EH Bildu, berriz, abstenitu egin da.

Hotelen jarduera mugatzeko onartutako neurria ez da prozesuaren hasieran mahai gainean jarritako bera. Lehendabiziko asmoa izan zen gutxieneko distantzia bat ezartzea hotelen artean. "Egokiagoa zela uste dugu, hiriko erdigunea hotelez ez betetzea bermatzen zuelako", erran zuen EH Bilduko zinegotzi Joxe Abaurreak, joan den asteko osoko bilkuran, bere taldearen abstentzioa azaltzeko.

Bizitzeko Alde Zaharra elkarteko Itxaso Andresek bat egin du. Ez du ontzat jo etxadi bakoitzeko hotel bat zabaltzeko aukera. "%25eko muga jarri dute, baina kontuan hartuta Alde Zaharreko etxadiak handiak direla, bakoitzean hotel bat jar dezakete. Neurriak ez du balio muga bat ezartzeko", salatu du Bizitzeko Alde Zaharra taldeko kideak.

Unzuko aterpetxea

Itxaso Andresek adibide bat aipatu du hotelen jarduera mugatzeko aztertutako bi moduen eragina azaltzeko. "Udaletxe plazan hotel bat dago orain; distantziaren araberako muga ezarrita, lehengo Unzuren eraikinean zabaldu nahi duten aterpetxea ezin izanen lukete ireki; etxadi bakoitzeko bat ezartzen duen neurriarekin, berriz, Unzu aterpetxe bilakatzen ahal dute orain, arazorik gabe, ondoan beste hotel bat egon arren".

Aukera hori ematen duelako babestu du neurri hori Iruñeko alkate Enrique Maiak, hain zuzen ere. Hilaren 14ko osoko bilkuran "ontzat" eman zuen ordenantzak "etorkizuneko proiektuei ez eragitea".

Udaletxe plazaren ondoko Mercaderes karrikan da Unzu. Proiektu horren inguruko kezka ez da oraingoa: 2017an, jada, karrikan egin zuten protesta Alde Zaharreko bizilagunek proiektu horren aurka. 275 ohatze eskainiko ditu Unzun egin nahi duten aterpetxeak. Hasieran multinazional baten esku zen proiektua, baina, zarata hastearekin batera, Espainiako enpresa baten esku geratu da. Ereduarekin ere zalantza handiak daude. Hasieran, erromesentzat zen, eta, orain, familientzat omen da. Proiektuaren bultzatzaileek kartelez bete dituzte eraikineko balkoiak. Berdintasuna, Bizikidetza, Akordioa eta gisako hitzak jasotzen dituzten pankartak zintzilikatu dituzte, zehazki. AZ egitasmoko kideek ere Unzura eraman dute haiek egindako kartel bat, onartutako arautegiarekin hiriko Alde Zaharrean egon daitezkeen ostatu plaza guztien berri emateko. Kontua da, Andresek nabarmendu duenez, Alde Zaharra jada "saturatutako eremu bat" dela. "Ez dugu ostatu plaza berri gehiago nahi", erran du auzoko kideak.

Zehaztu du bizilagunek argi dutela turismoak onurak ekartzen dizkiola hiriari, baina ez dira prest, ordea, turismoaren zama guztia beren bizkar hartzeko: "Batetik, beste auzoek ere izan behar dutelako aukera turismoa aprobetxatzeko; bestetik, ezin dugulako onartu hirian egiten diren jarduera guztiak Alde Zaharretik pasatzea. Paseatzeko eta ongi pasatzeko auzoa da gurea, baina bai eta bizitzeko ere; eta bizitzeko baldintzak behar ditugu".

Legez kanpoko jarduera

Iruñeko udal ordenantzak etxebizitza turistikoen jarduera arautzea du helburu, baina legez kanpo ari direnen erregistroa sortzeko urratsik ez duela egin erran du Itxaso Andresek. "Informazioa falta zaigu, ez dugu datu zehatzik, eta udalak ez du neurririk hartu legez kanpo ari diren etxebizitzak identifikatzeko", erran du.

2017. urtean, ikerketa egin zuen Iruñeko Udalak, eta hirian 227 etxebizitza turistiko inguru legez kanpo ari zirela ondorioztatu zuen. Etxebizitza horiek, denera, 790 ostatu plaza zituzten. Etxebizitza horietako %34 zeuden Alde Zaharrean.

Urte bereko datuen arabera, legez 149 etxebizitza turistiko ari ziren Iruñean, 939 ostatu plazarekin. Kopuruak gora egin du, geroztik. 2018ko datuen arabera, Nafarroan 700 etxebizitza turistiko inguru dago, eta haietako 201 daude Iruñean. Iruñeko etxebizitza turistiko gehienak, gainera, Alde Zaharrean dira: %47, zehazki. "Gure auzoan, ostatu plaza bat dugu 5,4 biztanleko; gainerako auzoetako batezbestekoa da, berriz, ostatu plaza bat 38 biztanleko", azaldu du Itxaso Andresek.

Horregatik salatu du Alde Zaharra saturatutako eremua dela. Ez dira iritzi berekoak, ordea, Naparture Nafarroako Etxebizitza Turistikoen Elkarteko kideak: "Legez ari diren etxebizitzek ez dute arazorik eragiten; arazoa dira inolako kontrolik gabe ari diren legez kanpoko etxebizitzak; kontrolik ezak eragiten du auzoa saturatuta egoteko sentipena", erran dute.

Elkarteak ere ez du ontzat jo Iruñeko Udalak onartutako ordenantza. Ez dituzte, halere, Alde Zaharreko bizilagunek mahai gainean jarritako arrazoiak arautegi berriaren aurka egiteko. Elkarteko kideentzat arazo nagusia da jabe txikiei egiten diela kalte ordenantza berriak, eta mesede egiten diela, aldiz, enpresa handiei.

Enpresa handiei mesede

"Etxebizitzen esparrua anitz mugatu du arautegiak; eraikin oso bat erosteko aukera izanen duten jabe handiei egiten die mesede. Berriz ere, laguntzarik behar ez dutenak laguntzen ditu ordenantzak", salatu dute elkarteko arduradunek. Alde horretatik, Napartureko kideek argi utzi nahi izan diete Alde Zaharreko bizilagunei enpresa handi horiek direla denek duten etsai komuna. "Ez lukete gure kontra egin behar; benetako arriskua dira Unzuren gisakoaren proiektuen atzean daudenak".

Ordenantza izatea, halere, positibotzat jo dute elkarteko arduradunek, haien ustez lagunduko duelako legez kanpoko jarduerari aurre egiten. "Orain, behintzat, badugu erabil dezakegun araudi bat; denok bete beharko ditugu udalak mahai gainean jarri dituen joko arauak", nabarmendu dute Naparture elkarteko arduradunek.

Etxebizitza turistikoen inguruko joko arauak onartu eta gero, lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi dute Bizitzeko Alde Zaharra taldeko kideek. Itxaso Andresek salatu du, hain zuzen ere, arazo anitz eragiten dituela jarduera horrek auzoan. "Ez da bakarrik turisten kopuruak gora egitea; auzoa turistentzat izateak ekartzen du alokairuek gora egitea. Gertatzen ari da, jende askok alde egin behar izan du. Horrek bizilagunen egunerokoari eta auzoko denda txikiei eragiten die", azaldu du. Funtsean, "auzo eredua" dago jokoan.

Bizitzeko auzo bat nahi dutela argi du Andresek; eta oreka behar dutela horretarako. "Jarraituko dugu auzoak dituen arazoak mahai gainean jartzeko eta lantzeko lanean", erantsi du.

Iruñeak onartu du etxebizitza turistikoen inguruko bere ordenantza, jarduera hori orain arte baino gehiago mugatzeko asmoz. Iruñetik kanpo, Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Gobernuak onartutako zuzentarauak daude indarrean, Napartureko kideek azaldu dutenez. Gora egin du etxebizitza turistikoen kopuruak, herrialdean, azken urteotan, eta gora egin du, halaber, jarduera horren inguruko kezkak herritar anitzen artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.