Bordele eta Hendaia arteko abiadura handiko trena (AHT) kolokan gelditzen zela adierazi zuen Nathalie Kosciusko-Morizet Frantziako Ekologia eta Garraio ministroak garraio sistemari buruzko mintegiaren ondoren. Monique de Marco Berdeak-Europe Ecologie taldeko Akitaniako kontseilariaren iritziz, adierazpen horrek nabarmen erakusten du AHT xedea ez dela errentagarria. «Krisialdi ekonomikoa hain da handia, non orain artean Frantziako Gobernuak bultzatzen zituen egitasmo faraonikoak bazterrera utzi behar baitituzte», adierazi du De Marcok.
AHTa garatu ahal izateko, Herri Elkargoek xedearen parte bat ordaintzea erabaki zuen gobernuak. Horrela, Ipar Euskal Herriko Herri Elkargoak eta, oro har, Kontseilu Nagusiak ere bai Tours-Bordele atalaren parte bat ordaintzera behartu zituzten. Bordele-Hendaia atala eginen zelarik ez zutela deus ordaindu beharko azaldu zuen Frantziako Gobernuak. «Gobernuari oroitarazi behar diogu ordainketa eredua aurkeztu zelarik AHT xedea Hendaia, Paue eta Tolosara [Frantzia] helduko zela agindu zutela», erran duDe Marcok.
Ikusirik Frantziako Gobernuaren engaiamendua bertan behera gelditu dela, tokiko erakunde eta herri elkargoek xede horren ordainketatik at gelditzea eska dezaketela uste du De Marcok. «Tours-Bordele atalaren finantzamendua kolokan gelditzeko arriskuan daude, tronpaturik sentitu diren erakundeek ez dutelako onartuko zorpetzea xedea ez bada bideragarria», dio De Marcok. Urteak pasata, gobernuak Ingurumenaren Mintegia zentzuz hustu duela diote Berdeek.
AHT xedea Frantziako eskuinaren egitasmoa dela azpimarratu du De Marcok, inbertsioak diru publikoa baliatuz ordaintzen direlako, funtsean diru horren etekinak esku pribatuetara joaten direlako. Etekinak desagertzen direlarik eragile pribatuak desagertu eta inbertsio publikoaren zentzugabekeria begi bistan gelditzen dela azpimarratu du, eta gaineratu Frantziak bultzatzen duen eredu zentralista «garestiegia» dela eta gainera krisialdiari ezin diola erantzun.
Berdeen iritziz, Frantziak aitortu du AHT xedea ez dela errentagarria
Bordele-Hendaia atala egiteko dirurik ez dagoela azaldu zuen gobernuak, orain artean errandakoa baztertuz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu