Euskal Herriko hiriburuetan egingo dituzte elkarretaratzeak Emakumeen Egunean jasaten duten bazterketa salatzeko. Egun, oraindik ere, lanik gabe dauden emakumeen kopurua gizonen bikoitza da, soldatak ez daude parekatuta; gizonek baino soldata txikiagoa jasotzen dute, %30 txikiagoa, emakume izateagatik bakarrik, langabezia tasa gizonena baino dezente handiagoa da eta egunero gertatzen dira emakumeen kontrako indarkeria kasuak. Iaz 10 emakume hil zituzten Euskal Herrian eta aurton jada beste bi hil dituzte. Beste askok gizonen tratu txarrak sufritu dituzte, gainera.
Horiek guztiak salatzeko eta eskubideez eta berdintasunaz gogoeta egiteko mobilizazioetan parte hartzeko deialdia egin dute hainbat sindikatu, alderdi eta gizarte eragilek. Gaur ekimen ugari burutuko diren arren, urte guztian egin beharreko lana dela ohartarazi dute guztiek.
Mobilizazio nagusiak
Elkarretaratzeak
Baiona: 12:00etan Herriko Etxean.
Bilbo: 12:00etan Foru Jauregian.
Gasteiz: 12:00etan Diputazioan.
Iruñea: 12:00etan Parlamentuan.
Manifestazioak
Baiona: 18:30ean Herriko Etxean.
Bilbo: 19:30ean Arriagan.
Donostia: 19:30ean Bulebarrean.
Gasteiz: 19:30ean San Anton plazan.
Iruñea: 20:00etan Gaztelu Plazan.
Emakumeen Eguna
Berdintasuna aldarrikatuko da gaur Euskal Herrian eta mundu osoan
Euskal Herriko sei sindikatuk bat egin dute gaurko egunez emakumeek emakume izateagatik sufritzen duten bereizkeria eta indarkeria salatzeko: ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta ELBk. Emakumeek Euskal Herrian jasaten duten egoeraz irakurketa bateratua egin dute sindikatuok, eta elkarretaratzeak egin dituzte 12:00etan indarkeria eta lan baldintza kaskarrak salatzeko. Mundu osoan ospatuko da gaur Emakumeen Nazioarteko Eguna, aldarrikapen kutsuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu