Alardearen bezperan, Hondarribiko Udalari zuzendu zaio Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria. Udalari gogorarazi dio gero eta herri gehiago ari direla gizon-emakumeen eskubideen berdintasuna ziurtatzeko "tradizioak egokitzen", eta eskatu dio "elkarrizketa bidea" ireki dezala "elkarbizitza, errespetua eta berdintasuna bermatzeko".
"Herrian batasuna berreskuratzeko, haustura soziala gainditzeko eta errespetuan eta emakume eta gizonen arteko berdintasunean aurrerapausoak emateko" eskatu die udaleko ordezkari guztiei. Landaida Hondarribiko udaletxeko arkupean izango da asteartean, Ana Alberdi idazkari nagusiarekin batera, Jaizkibel konpainiari babesa azaltzeko.
"Emakundek argi dauka berdintasun arazo baten aurrean gaudela, eta gogoratu nahi du berdintasuna balio soziala eta demokraziaren oinarrizko ardatza dela".
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Arartekoak, berriz, administrazio publikoei gogorarazi die gizon-emakumeen arteko berdintasuna lortzeko "beharrezko neurriak" hartzera "derrigortuak" daudela. Julia Hernandez jarduneko arartekoa Hondarribian izango da asteartean, alarde parekidea babesteko.