Martxoaren 8ko kanpaina aurkeztu du Emakundek gaur goizean Gasteizen. Arka plazan, morez margotutako berdintasun ikurra duen zebrabide bat itsatsi dute lurrean, "herritarrek berdintasunaren aldeko pausoak eman ditzaten eta bide horretan atzerapausorik onar ez dezaten".
Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak balio aldaketaren beharra nabarmendu du: "Balioak aldatu ezean, ezin da gizartea eraldatu. Balioek edozein gizarte eredu iraunarazten eta justifikatzen dute, eta eredu matxista batetik berdintasunezko eredu batera igarotzen laguntzeko, beharrezkoa da beste balio batzuk garatzea". Salatu du egungo sistemak genero desberdintasunak eta diskriminazioak onartzen eta iraunarazten jarraitzen duela.
Landaidak adierazi du berdintasunak onurak ekartzen dizkiola gizarte osoari: "Herrien garapen sozial eta ekonomikoaren aldeko faktore garrantzitsua da berdintasuna".
Emakundek aste honetan jarri du martxan kanpaina. 5.000 kartel bidali dituzte erakundeetara, osasun zentroetara, kultur etxeetara eta enpresetara. Halaber, berdintasunaren ikurra duten zebrabideak itsatsi ditu hiriburuetako zenbait oinezko eremutan.