Ehunka herritar bildu dira Baionako herriko etxearen aitzinean, sexu bereko pertsonen arteko ezkontza legea sostengatzeko. Ortzadarraren koloreko banderola erraldoia zintzilikatu dute herriko etxeko balkoitik. "Berdintasunaren garaipena izan da, laikotasunarena, eskubideena". Elkarretaratzean, Berdintasunaren aldeko kolektiboa osatzen duten 26 elkarteetako kideak izan dira presente.
Legea onartaraztea garaipen handia izan bada ere, eskubideen aldeko borrokak segitzen duela nabarmendu dute, maiatzaren 17an mundu mailan burutuko den homofobiaren aurkako ekimenean parte hartzera deituz. Baionako auzapezari eskatu diote egun horretan hitza har dezan eta herritarrei zuzenduz, eska diezaien homofobiaren aurkako jarrera argia.