Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak gizon eta emakumeen berdintasunean egindako aurrerapenetan atzera egitearen arriskuaz ohartarazi du Emakumeen Nazioarteko Egunera begirako kanpainan.
Berdintasunaren aldeko bidean zenbait lorpen zehaztu ditu Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak. Bi urteurren nabarmendu ditu: Beijingeko Adierazpen eta Akzio Plataformaren 20. urteurrena eta EAEko Berdintasunerako Legearen 10. urteurrena.
Nolanahi ere, Landaidak “alertarako seinaleak” badaudela nabarmendu du: krisi ekonomikoak emakumeengan izan duen eragina; gazte harremanetan indarra hartuz doazen kontrol jarrerak; Espainiako Abortuaren Legea aldatzeko mugimenduak; emakumeen aurkako indarkeria “hutsalkeriaz” tratatzeko jokabideak…
Gizartea arrisku horiez ohartu, eta aurrera egitearen garrantzia goratu du Landaidak. “Gizarteari gogorarazi behar diogu berdintasunean aurrera egiteko lan asko egin dugula, baina ez badugu jarraitzen, atzera egiteko arriskua dago".