Gizartea

"Berdintasunerako giza eskubidea lortzeko", Jaurlaritzak balio aldaketa bultzatu nahi du

Emakundek landutako Berdintasunerako VI. Plana onartu du gaur Gobernu Kontseiluak.

Izaskun Landaida. JUANAN RUIZ, ARP
Maite Asensio Lozano.
2013ko abenduaren 30a
16:16
Entzun

“Plan handinahitzat” hartu du Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak gaur goizean Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartutako Berdintasunerako VI. Plana. “Oraindik lortu ez dugun giza eskubidea da berdintasuna, baina lortu egin behar dugu”, esan du Iñigo Urkullu lehendakariak prentsaren aurrean egindako aurkezpenean. Zeharkakotasunez aplikatuko dute egitasmoa, hau da, Jaurlaritzako sail guztietan izango du eragina.

Bi bloke nagusi dauzka planak: lehenengoak berdintasunaren aldeko gobernantza hobetzeko neurriak dakartza, hau da, berdintasun unitate administratiboak sortzea, kontratazioetan berdintasun klausulak txertatzea eta lege zein aurrekontuetan genero ikuspegia txertatzea; bigarrenean, hiru ardatz eratu dituzte: balio aldaketa eta emakumeen ahalduntzea bultzatzea, antolaketa sozial erantzunkidea garatzea eta emakumeen aurkako indarkeria desagerraraztea.

Balio aldaketa du helburu nagusi planak, Landaidak azaldu duenez: “Balioek edozein gizarte eredu iraunarazten eta justifikatzen dute; eredu androzentriko eta matxista batetik berdintasunezko batera igarotzeko, beste balio batzuk garatu behar dira, beste printzipio filosofiko, etiko eta politiko batzuk, gizartea horietan oinarri dadin”. Ildo horretan, planak garrantzi handia eman dio haur eta gazteekin egin beharreko lanari, genero rolak eta estereotipoak desagerrarazte aldera. Hezkuntzaren alorrean ez ezik, hedabideen esparruan ere esku hartzea aurreikusten du planak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.