Gipuzkoako Berdintasun Politiken, Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoaren Batzordean aurkeztu dute gaur goizean Gunea sortzeko eta arautzeko foru dekretuaren zirriborroa. Emakumeen parte hartzea sustatzeko, espazio publikoan emakumearen presentzia bermatzeko eta mugimendu feminista indartzeko baldintzak sortzeko lanean ari da Gunea espazioa.
Gunea sortzeko prozesuak urte bat iraun duela azaldu du Laura Gomez Berdintasun zuzendariak. Lehen fasean, berdintasuneko eragileekin eta beste ordezkari batzuekin bildu ziren. Ondoren, "gogoeta egiten" fasean, ikus-entzunezko lan bat eta txosten bat egin zituzten. "Sareak sortzen" epean, hausnarketak partekatu zituzten eskualdeetako bileretan. "Elkarrekin sortuz" epean, ordezkariak aukeratu eta Begoña San Joseren ekarpena jaso zuten. Eta "kontrastatzen" azken epean, zirriborroa kontrastatzeko bildu ziren. 41 elkartetako 100 emakumek baino gehiagok hartu dute parte prozesuan.
Gomezek Gunearen helburuen berri eman du Batzar Nagusietan. Nabarmendu du emakumeengan eragina duten eta berdintasuna sustatzeko berariazko politikak egitea dela helburuetako bat. Foru aginteekin egindako elkarrizketaren bidez, ikuspegi feminista zaintzea eta berdintasunaren aldeko neurri politikoak proposatzea da beste helburu bat. "Emakumeen autonomia eta jabekuntza sustatzea, emakumeen arteko sareen sorrera sustatzea, eta martxismo eta indarkeria formak ikusgarri egitea eta salatzea izango dira beste helburuak", gaineratu du Gomezek.
Gunea sortzeko batzorde kudeatzailea zazpi emakumek osatzen dute. Haien esku egongo da Gunearen batzordea deitzea. Hazar Samadi eta Katia Reimberg dira batzorde horretako kideetako bi, eta euren esperientziaren berri eman dute Batzar Nagusietan. Honakoak dira batzordean ordezkatuak dauden zazpi elkarteak: Gaurko Andreak, Bidez Bide, Safa, Plazandreok, Arrats, Asade eta Amalatz.
Sortze prozesuarekin aurrera egin ahala, barne araudi bat egingo dute. Eta datozen hilabeteetan hainbat proposamen egingo dituzte. Gomezek nabarmendu du Gipuzkoan orain arte ez dela halakorik egon.
Gipuzkoako Diputatuen Kontseiluan bihar onartuko dute foru dekretua. Hilaren 22an, berriz, jai bat egingo dute Donostiako Bulebarrean Gunearen sorrera ospatzeko.