Berdintasunerako lehen foru araua onartu dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek

Arauaren arabera, Aldundiak erakundearen aurrekontuaren %1 berdintasun politiketara bideratu beharko du 2020rako

2015eko martxoaren 4a
13:53
Entzun

Aho batez onartu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAEko berdintasunerako lehen foru araua. Urrats historikotzat jo du neurria aldundiko eledun Larraitz Ugartek.

Arau horrekin, besteak beste, aurreikusi dute aldundiak bultzatutako eskaintzetan emakumeak ere haintzat hartzen direla zihurtatuko duen batzorde bat sortzea, baita diputazioko departamentuetan "berdintasun unitateak" sortzea ere, hartzen diren erabakietan emakumeak ez direla baztertzen bermatzeko.

Horretaz gain, neurri eta politika guztiak aplikatzeko baliabide ekonomiko esanguratsuak izango ditu aldundiak: erakundearen aurrekontuaren %1 berdintasun politiketara bideratu beharko du 2020rako. Aurrekontua boskoiztea ekarriko du horrek: egun %0,21 bideratzen da arlo horretara, eta %0,06 zen Bildu diputaziora heldu zenean. PSE-EEk aurkeztutako zuzenketa bati esker lortu dute akordioa

Bost urtean behin berdintasunari buruzko txosten bat kaleratuko duen jarraipen batzorde bat ere osatuko dute, zeinean partaideen erdiak emakumezkoak izango diren. "Neurria ez da soilik sinbolikoa, badu izaera praktikorik ere, neurri zehatzak bultzatzen baititu", nabarmendu du Ugartek.

Dena den, onartutako testutik kanpo geratu dira EH Bilduk hasierako proposamenean jasotako hainbat puntu, besteak beste, Irun eta Hondarribiko alardeei erreferentzia egiten zietenak. Alderdiak proposatzen zuen aldundiak babesa ukatzea emakumeak baztertzen dituzten ospakizunei. Baina beste taldeak ez dira bat etorri puntu horrekin.

Sexu jazarpenik gabe

Bestalde, Donostiako Udalak lantokietan gertatzen diren sexu jazarpen kasuak amaitzeko protokoloa onartu du gaur. Erasoa jasan duen langileari nola jokatu aholkatzen dioten neurriak jasotzen ditu protokoloak. Naiara Sampedro Berdintasun zinegotziak azaldu duenez, tresna honen bidez "lan giro osasungarria eta indarkeriarik gabea" bermatu asmo du Udalak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.