BerdintasunerakoLegeak ez du ia eraginik izan EAEko enpresetan

Gobernu karguetan handitu egin da andreen presentzia, baina, oro har, gizonak dira nagusi aginte postuetan

Confebaskeko ordezkariak agerraldi batean; idazkari nagusia, Nuria Lopez de Gereñu, ezkerrean. M. DEL VALLE / ARP.
Maite Asensio Lozano.
2011ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Kualitatiboak bainoago, kuantitatiboak dira aurrerapenak, baina berdintasun politikek eragina dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakunde publikoetan. Eusko Jaurlaritzak 2005ean onartutako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen betetze mailari buruz EHUk 2010ean egindako txostenaren arabera, ordea, enpresetan eta gizarte ohituretan aldaketa gutxi eragin du araudiak.

Maria Silvestre Emakundeko zuzendariak txostena aurkeztuko du gaur Eusko Legebiltzarrean. Hona ondorio nagusiak:

1. Erakunde publikoak

Erakunde publikoetan emakumeek duten presentzian ikusten da legearen eragin nabarmenena. Batetik, hauteskundeetako zerrendetan emakumeek eta gizonek ordezkaritza orekatua izan behar dutelako, eta, bestetik, gobernuek ere parekide izan behar dutelako. Baina legearen zirrikituak baliatzen dituzte gehienek: bozetako zerrendaburu gutxi dira andrazkoak, eta, ondorioz, 2009an %10 jaitsi zen andreen ordezkaritza Eusko Legebiltzarrean.

Era berean, Eusko Jaurlaritzako sailburuen erdiak emakumeak diren arren, saiburuordetza eta zuzendaritzetan gizonak dira nagusi. Gainera, Eusko Jaurlaritzako sail guztiek eta EHUk berdintasunerako sail bat dute, baina ez zaie «berariazko aurrekonturik» esleitu. Alor horretan hiru foru aldundiek eman dituzte aurrerapauso handienak.

Udalei dagokienez, 105ek daukate berdintasunerako plana; horien artean EAEko biztanleen %90 hartzen dituzte. Halako egitasmorik ez duten herriak txikiak dira, landa guneetan daude, eta 65 urtetik gora dituzte biztanle gehienek; txostenaren arabera, «erronka handia» da horietan berdintasun politikak garatzea.

Halaber, idatziak onartzen du emakume eta gizonen berdintasuna «agenda politikoan» dagoela, eta, beraz, berdintasun politikak sendotu egin direla: «Administrazioan zeharkakotasuna bultzatzera bideratutako baliabideetan aurrerapen handiak izan dira ». Hala ere, politika horiek aldaketak eragiteko «gaitasun erlatiboa» dutela erantsi du. Gainera, 2010ean krisiaren ondorioz berdintasunerako egitasmoetarako aurrekontuetan izandako murrizketen harira «adi» egon behar dela nabarmendu du. Berdintasunerako sailetan dihardutenen baldintzez ere jardun da: gehiago dira, gero eta trebatuagoak, baina beste langile publikoak baino baldintza prekarioagoak dauzkate.

2. Esparru pribatua

Gizonak dira nagusi, enpresetako presidente karguetan ez ezik, zuzendaritza taldeetan ere. Adibidez, Ibex35ean parte hartzen duten hiru enpresetako buruak gizonak dira, baita administrazio kontseiluko kide gehienak ere: BBVAn %100 osatzen dute, Gamesan %89 eta Iberdrolan %85. Lau patronaletako presidenteak ere gizonak dira, nahiz eta Confebaskeko idazkari nagusia emakumea den iaztik.

Banku eta kutxetako egoera antzekoa da: gizonek dauzkate presidentetza guztiak, eta gehiengoa dira zuzendaritza kontseiluetan; BBK da orekatuena, eta kontseiluko %37,5 baino ez dira emakumeak. Sindikatuen egituretan ere «desorekak» atzeman ditu txostenak, LABen izan ezik.

3. Gizarte eremuak

«Emakumeen aukerak, baldintzak eta posizioak hobetzeko esfortzu handiak» egin beharra nabarmendu dute txostenean, zenbait gizarte eremuri dagokienez. Legearen ondorioz kulturan eta kirolean egindako lanak, esaterako, ez du ia eraginik izan, eta andreek oraindik ez dute parte hartze esanguratsurik sortzaile edota kudeatzaile gisa.

Lan munduan, emakumeen lan baldintzak «orain hamar urte bezain prekarioak» direla gogoratu du, eta horrek etxeko langileei eta zaintzaileei eragiten diela batez ere. Gainera, lana eta bizitza pertsonala bateratzea andreen gain uzten dela agerian utzi du.

Aldiz, sexu eta ugalketa osasunean izandako aurrerapausoak nabarmendu dituzte idatzian, bainabeharrezko jo dute hezkuntza afektibo-sexual osoa sustatzea, abortuak eta sexu harremanen bidez kutsatzen diren gaitzak saihesteko ez ezik, «sexualitate osasungarria» eta harreman «parekide eta errespetuzkoak» garatzeko.

4. Indarkeria sexista

Berdintasunerako Legean indarkeriaren aurka egiteko asmoa zegoen araudi garrantzitsuena ez da egikaritu. Tratu txarrak jasaten dituzten emakumeen harrera baliabideak dekretu bidez arautu arren, haien laguntzarako programarik ez da egin, legearen helburuen artean egonda ere. Txostenak 2009ko organigrama aldaketari egotzi dio, hau da, Jaurlaritzan Genero Indarkeriaren Biktimen Laguntzarako Zuzendaritza eratu izanari; hain justu, indarkeria matxistaren aurkako lege aurreproiektua garatzen ari da egun.

Lan arloko sexu jazarpenaren aurka jardun beharra ere aipatu dute txostenean. Gainditu gabeko ikasgaitzat jo dute, «nahiz eta araudiak badauden».

5. Eskubide sozialak

Familiaren eta lankidetzaren alorretan bi urtez dekretu gehiago ez zela egingo iragarri zuen Patxi Lopez lehendakariak 2010ean, eta horrek emakumeen oinarrizko eskubide sozialen atalean adierazitako alor bati eragin dio: andreei mantenu zein konpentsazio pentsioak ordaintzen ez zaizkienean, berme funts bat eratzeko xedea ez da bete.

Era berean, andreek instituzioetan duten parte hartzea handitzeko Emakumeen Euskal Kontseilua sortzea aurreikusten zuen legeak. Gaia landu izan da, baina egun bertan behera utzita dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.