'18/98 auziko' epaiketa

Bere aurkako akusazioen oinarri den deklarazioa torturapean egin zuela esan du Alegriak

Hainbat atzerapenen ondoren, Xabier Alegria auzipetua gaur hasi da deklaratzen '18/98 auziko' epaiketan, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Arantza Zulueta defentsako abokatuari erantzunez, 'Egunkaria'-ren aurkako operazioan atxilotu zutenean Guardia Zibilak torturatu egin zuela azaldu du, eta, ondorioz, '18/98 auzian' bere aurkako akusazio froga gisa dauzkaten deklarazioak torturapean egin zituela. Finean, ukatu egin du ETArekin harremanak izan zuela eta KAS ETAren menpeko zela.

2006ko martxoaren 6a
16:56
Entzun
2003ko otsailaren 20an Egunkaria-ren aurkako operazioan atxilotuta egon zenean Guardia Zibilaren aurrean egindako deklarazioa Xabier Alegriaren aurkako froga gisa daukate 18/98 auziko akusazioek. Deklarazio hori torturapean egin zuela, eta, beraz, faltsua dela agertu du gaur Alegriak Auzitegi Nazionaleko epaimahaiaren aurrean.

Hiru aldiz atxilotu dutela azaldu du Alegriak: lehen aldiz 1998an, Egin-en aurkako operazioan, Espainiako Poliziak. Bigarrengoz, 2000.ean, Ekinen aurkako sarekadan, eta orduan ere, Espainiako Poliziak. Hirugarrengoz, berriz, 2003ko otsailean, Egunkaria-ren aurkakoan, Guardia Zibilak.

Aurreneko bi atxiloketetan poliziek ez zutela torturatu, eta uko egin ziola deklaratzeari agertu du. Halaber, ez zuela tortura salaketarik jarri. Hirugarren aldian, ordea, gauzak asko aldatu zirela azpimarratu du: atxilotzeko unea bera oso bortitza izan zela nabarmendu du, eta, besteak beste, bere emazteari pistola jarri ziotela buruan. Segituan beren helburua deklararaztea zela jakinarazi bide zioten guardia zibilek, eta hartarako presio eta mehatxuak lehen unetik jaso zituela. Madrilen inkomunikatuta izan zuten bost egunetan tortura latzak jasan zituela azaldu du: kolpe handiak gorputz guztian, bereziki, barrabiletan; ahalegin fisiko handiko ariketak egitera behartu zuten etengabe; emazteari sexu erasoak egitearekin egiten zioten mehatxu; boltsa jarri zioten buruan... Tortura saio horiek "hautsi" egin zutela esan du, eta guardia zibilekin deklarazio bat adostea onartu zuela. Hain justu, egoera horretan egindako deklarazioa dela beren kontrako akusazioen oinarri adierazi du.

Epailearen aurrean egin zuen deklarazioari dagokionez, hasieran Guardia Zibilaren aurrean esandako guztia ukatu zuela agertu du, baina gero, inkomunikazo eta tortura aldiaren ondoren nahasita zegoela-eta, ondo oroitzen ez zuen deklarazioa egin zuela. Horrek ere ez duela baliorik nabarmendu du Alegriak, egin zuenean ez zegoelako bere onean.

Hirugarren atxiloketa aldi horren ondoren, aurreko bietan ez bezala, torturengatik salaketa jarri zuela erantsi du.

Xabier Alegriak ziurtatu du ez duela inoiz ETArekin harremanik izan, eta halaber, KASek ETAren esanetara jokatzen zuela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.