EUSKAL HERRIA

Bere bulegoan topatutako agiriak norenak diren ez dakiela esan dio Telleriak epaileari

EAJko Arabako zuzendaritzako kide ohi Aitor Telleria eta bi ertzain epaitzen ari dira, hainbat pertsona zelatatzea egotzita. Lau urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak.

2013ko martxoaren 11
17:18
Entzun

Gaur goizeko hamarretan hasi da Arabako Lurralde Auzitegian Aitor Telleria EAJko kide oiharen eta bi ertzainen epaiketa. Arabako politikari eta pertsona ezagun ugari zelatatzea egotzita epaitzen ari dira, eta fiskalak lau urteko espetxe zigorra eskatu du haientzat. Horrez gain, ustez zelatatuak izan ziren 21 laguni 342.000 euroko kalte-ordaina pagatzea galdegin du fiskalak. Sekretuak sarritan urratu izana leporatu die hirurei.

2010eko udan hasi zen auzia. De Miguel auziaren karietara eginiko miaketa batean, Telleriaren bulegoan topatu zituzten politikari, enpresari eta arabako pertsona ezagun ugariren bizitzari buruzko datuak. EAJko Arabako zuzendaritzako kide zen orduan Telleria.

Fiskalaren arabera, bi ertzainak Telleriarekin jarri ziren harremanetan, eta adostu zuten hari ematea hainbat pertsonari buruz lortzen zituzten datuak. Besteak beste, kazetariak, ertzainak eta politikariak —Txarli Prieto PSE-EEko Arabako burua, kasu— izan ziren zelatatuak, fiskalaren arabera.

Telleriak adierazi du ez dakiela zeinena den bere bulegoan topatutako disko gogorra —hor zeuden gordeta hainbat pertsonari buruzko datuak—. Aitortu du bera zela garai hartan alderdiak jasotzen zituen mezu anonimoak aztertzearen arduraduna, eta erantsi du disko gogor hartan topatutako agiriak anonimoetakoak "izan daitezkeela". Edonola ere, gaineratu du bera mezuak kopiatu eta itsastera mugatzen zela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.