"Ehiza politiko baten biktima sentitzen zara? Bai. Harrapatu beharreko ehizakia naiz". Hala azaldu dio Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak Diario de Navarra-ri, gaur kazetak argitaratu duen elkarrizketan ageri denez: "Badirudi ni naizela Nafarroako Kutxan erabakiak hartu zituen bakarra, eta ez da horrela".
Dimisioa emateko aurkera baztertu du Barcinak. "Nire dimisioa eskatzea aitzakia bat da autokritika txikiena ere ez egiteko", esan du. Gaineratu du "nazionalismoa etengabe" ari dela bere dimisioa eskatzen, baina PSNk eskari horrekin bat egitea "berria" dela azaldu du: "Orain Nafarroako Kutxari buruz argitaratu denaz, ez dago ezer PSNk ez zekienik".
Hala ere, Barcinak aitortu du "une zailak" bizitzen ari dela: "Oso erasoa sentitu naiz. Hau oso gogorra da, baina kontzientzia lasai dut, legearen arabera jokatu dudalako".
UPNk kongresua egingo du datorren igandean, eta Alberto Catalanekin lehiatuko da alderdian buruzagitza lortzeko. Horren inguruan ere jardun du Barcinak. Galdetuta Catalanek irabazten badu ea Nafarroako Gobernuko presidente izateari ere utziko ote dion, ondokoa erantzun du: "Egingo dugu beste elkarrizketa bat 18an [kongresuaren biharamunean]. Jarrai dezagun lanean".