euskal presoak

Bere buruaz beste egiten saiatu zen euskal presoak bakartuta segitzen du

Txus Martinen osasun egoerak onera egin duela jakinarazi du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Kasua salatzeko ekimenak prestatzen ari dira Basaurin. Aix Luynesen dago preso.

2010eko urriaren 11
12:15
Entzun
Txus Martin Basauriko euskal presoaren osasun egoerak onera egin duela dio Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AMM), "baina oraindik bakartua eta isolamendu moduluan dute". Irailaren 25ean zainak moztu zituen, "kartzelan bizi duen bakartze eta jazarpen egoerak horretara bultzatuta", AAMren arabera. Aix Luynesen dago preso (Frantzia). 2002an atxilotu zuten, ETAko kidea zelakoan.

Basaurin ekimenak egiten ari dira haren egoera salatuz eta askatasuna aldarrikatuz. Bihar, esate batera, herriko festetan argazkia aterako dute Martinekiko elkartasunez. Asteazkenean eta ostegunean Aix Luynes kartzelara joango dira hainbat lagun. Hain zuzen, espetxera gutun bidalketa masibo bat bultzatzen ari dira, zuzendariari presoak bizi duen egoeraz kexa agertuz eta egoera konpontzeko eskatuz.

Bederatzi urte darama preso Frantziako Estatuko espetxeetan, eta horietatik bost erabat bakartuta izan dute. Joan den apirilaren 23an bete zuen Frantziako epaitegiek ezarri zioten zigorra. Espainiako Justiziak hura Espainiaratzeko eskaera egin zuen orduan. Erabakia salatzeko eta Espainiako polizien eskuetan torturak jaso zitzakeela-eta 23 eguneko gose greba egin zuen Martinek. Horren ondorioz, erietxera eraman behar izan zuten.

AAMk jakinarazi duenez, bakartze egoerak eta espetxean jasaten ari den "jarrera ankerrak" arazo psikologikoak eragin dizkio eta tratamendu mediku gogor bat jarraitu behar du. Hartzen dituen botikak denboraren kontrolean eta oroimenean hutsuneak sortzen dizkio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.