Batasunaren proposamena

Beren ekarpena "lasaitasunez eta zuhurtziaz" aztertzeko eskatu die Otegik gainerako eragile politikoei

Atzo aurkeztu zuen Batasunak Donostiako Belodromoan 'Orain herria, orain bakea' izeneko agiria, hots, talde politiko horrek Euskal Herriko gatazka gainditzeko egin duen proposamena. Batasunak argi utzi zuen une honetan bakea lortzea dela eurentzako lehentasuna, eta horretarako eragile guztiak aintzat hartuko dituen elkarrizketa prozesu baten aldeko apostua egin du. Ekarpenaren edukia zabaldu bezain laster, hainbat alderdiren kritikak jaso ditu. Hori dela eta, beren proposamena "lasaitasunez eta zuhurtziaz" aztertzeko eskatu die gaur Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaileak gainerako eragile politikoei zein Espaniako eta Frantziako estatuei. Izan ere, "malgu izateko eta gatazka gainditzeko" baldintzak daudela uste du Otegik. Radio Euskadin egin ditu adierazpen horiek.

2004ko azaroaren 15a
10:35
Entzun
Otegik esan du 'Orain herria, orain bakea' proposamenak berrikuntza handiak eta aurrerapausuak biltzen dituela bere baitan, eta gainerako eragile politikoei zein Espainiako eta Frantziako estatuei galdegin die agiria "lasaitasunez eta zuhurtziaz" aztertzeko aldaketa horietaz jabe daitezen.

"Herri honetan 200 urte daramatzagu borrokatzen, hilak izaten eta besteak hiltzen; espetxeratuak eta torturatuak izaten. Iritsi da unea mundu guztiak hori alboratzeko, gela batean sartu, mahai batean eseri, eta gauzak modu baketsu eta demokratikoan konpontzeko. Hori da ezker abertzalearen planteamenduaren sakontasuna. Armek desagertu behar dute? Bai, hala da. Gure apostua euskal ekuazio politikotik armak desagertzearen adekoa da; arma guztiak, denenak", agertu du Otegik.

Beste alderdi eta eragile politiko batzuk ez bezala Eusko Jaurlaritzak orain arte ezer esan ez izana ondo hartu du Batasuneko bozeramaileak, iruditzen baitzaio atzo ezker abertzaleko sektore horren ekarpena "eskasa" zela esanez bere iritzia eman zuten beste alderdi batzuk ez bezala, zuhur jokatzen ari dela. Hau da, Batasunaren proposamena bare eta sakon aztertzen ariko dela.

ETAri dagokionez, ekarpena "baloratzen" jakingo duela uste du Otegik. Ildo horretatik, erakunde armatu horrek behin betiko gatazka gainditzeko prozesu batean sartzeko borondate irmoa duela iritzi dio Otegik.

Milaka lagun Belodromoan

Donostiako Belodromoa jendez beteta zegoela aurkeztu zuen atzo Otegik proposamena. Abiaburu funtsezkoa bakearen aldeko apostua zela agertu zuen Batasuneko bozeramaileak; hau da, une honetan beren lehentasuna bakea lortzea dela. Ildo horretatik, alde guztien arteko elkarrizketa prozesua proposatzen du Batasunak, baina elkarrizketarako borondatea ez ezik, konpromiso zehatzak bere gain hartzekoa ere agertu du. Agirian zazpi konpromiso zehazten dira, baina lau nagusitan laburbildu zituen bozeramaileak: Batetik, herritarren borondatea errespetatzeko konpromisoa, erabakia edozein dela ere. Bestetik, "Euskal Herriaren pluraltasunaren onarpena"; hain zuzen ere, akordiorik lortzen bada Euskal Herrian elkarrekin bizi diren sentsibilitate guztien onarpena beharko duela azpimarratu zuen. Hirugarrena, prozesua "modu baketsu eta demokratikoan" aurrera eramateko konpromisoa, eta, azkenik, "gatazkaren erroetaraino" joatekoa, eta azken hitzarmenean Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalean zein NBEren Itun Politiko, Zibil eta Ekonomikoetan aitortzen diren eskubideak aintzatestekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.