Azterketa egiteko eskatu du Eusko Jaurlaritzak. Bergara aldean (Gipuzkoa), AHT abiadura handiko trenaren ibilbidea aldatzeko modurik dagoen jakin nahi du. «Gaur egungo ibilbidean nolabaiteko aldaketak sartzeko eta, aldi berean, Euskal Y-aren lanak ez atzeratzeko egon daitezkeen aukerak argitzeko xedez» eskatu du txostena Jaurlaritzak. Bergara-Bergara (Gipuzkoa) zatiari eta Arrasate-Elorrio-Bergara loturari eragiten dio ikerketak.
AHTaren lanengatik kaltetutako Bergarako herritarren Lamiategi elkartearekin bildu zen herenegun Eusko Jaurlaritzako Herri Lan eta Garraio sailburuordea, Ernesto Gasco. Bergaran AHTrako pentsatutako bidearen «aldaketa orokorra» egiteko eskatu zuen Lamiategi elkarteak.AHTak ingurumenari kalte gutxiago egiteko, eta Bergarako paisaian hobeto integratzeko neurriak ere eskatu zituen. Jaurlaritzak, «ahal den neurrian, eragina gutxitzeko zuzenketa neurriak» hartuko dituela adierazi du Gascok, baina «egungo ibilbidearekin aurrera jarraitzeko asmo sendoa» duela ere azaldu du.
Iazko egitasmoari eusteko
EAJ Eusko Alderdi Jeltzalearen eskaeraren ondotik etorri da Jaurlaritzaren erabakia. Espainiako Sustapen Ministerioak Arrasate, Elorrio eta Bergara arteko AHTaren bideari buruz hartu duen azken erabakiak lau baserriri kalte egingo diela adierazi du EAJko parlamentari Maribel Vaquerok. Eduegi, Loidi, Loidi Etxeberri eta Askasibar baserriak dira ibilbideagatik kalteak izan ditzaketenak. Eduegi, bestalde, monumentu eta kultur ondare izendatutako etxea da. Bergara aldeko lurrak desjabetzeko txostenak gelditzeko eskatu die EAJk Jaurlaritzari eta Sustapen Ministerioari. Vaquerok adierazi duenez, iazko urte hasieran Jaurlaritzak Arrasate eta Bergara arteko AHTaren bidean hainbat zuzenketa egin zituen, lau baserriak babesteko. Sustapen Ministerioak, zuzenketa haiek aintzat hartu ezeta AHTarentzat eskualde hartan egin zen lehen ibilbidea erabaki duelako kexatu da EAJ.
Bergara aldean AHTaren bidea aldatzeko era aztertuko du Jaurlaritzak
Bidea aldatzeko eskaera egina zuen EAJk, oraingo bideak Eduegi baserriari kalte egingo diolakoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu