42 urteko gizon batek Bergarako garabi batera igota protestan segitzen du gaur, genero indarkeriaren aurkako legea dela eta. Atzo ekin zion protestari, goizeko zortziak aldera; herriko elizaren inguruan lan batzuetarako jarritako garabira igo, eta kartel batzuk jarri zituen lege horren aurka, "babesik gabe" laga duelakoan.
Gizonak dio sei hilabeteko espetxe zigorra jarri diola epaileak bikotekide ohiari tratu txarrak ematea egotzita. Haren arabera, andreak salaketa kendu arren fiskalak aurrera egin zuen. Gizonak "babesik gabe uzten ditu" legeak, protestagilearen esanetan.
Gose greban da, altuera handiko garabiaren goian. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak esan du ertzainak saiatu direla harekin hitz eginda protesta utzi dezan, baina ez dute lortu, oraingoz.