Espainiako Ministroen Kontseiluaren ondoko agerraldian iragarri du Iñigo Menendez de Vigo ministro bozeramaileak, gobernuak AHTaren Bergarako lotunearen azken zatia lizitatzea erabaki duela gaurko bileran. Zati hori Arrasate-Bergara da eta 2,8 kilometo ditu. 37 hilabetetan eraikitzeko epea ematen du lizitazioak.
Azken zati horrekin Bergarako lotunearen lan guztiak lizitatuak izango ditu Espainiako Gobernuak. Guztira, 537 milioi euroko inbertsio bat da eta 13,1 kilometroko plataforma baten eraikuntza ekarriko du. Menendez de Vigok jakinarazi du hau dela Euskal Y-aren zatirik garrantzitsuenetako bat. Aldi berean, obrarekin 2023rako bukatzea posible ez ezik, "bete beharrekoa" dela esan du.