Ekaitza

Bermeoko portuko olatu horma hautsi du denboraleak

Kaian amarratuta egon den itsasontzi bat ere hondaratu egin da goizaldean. Elantxobeko arraun elkartearen egoitza suntsituta geratu da, eta Getaria eta Zarautz arteko itsas pasealekuan eskailerak eta ehun metro inguruko baranda zatia hondatu ditu itsasoaren indarrak. Errepideetan ere arazo franko sortu ditu ekaitzak.

2007ko abenduaren 10a
17:16
Entzun
Denboralea arazoak sortzen ari da hainbat lekutan, batik bat, kostaldean. Hondamen handiena Bermeon (Bizkaia) jasan dute oraingoz, portuan: olatu horma hautsi egin du denboraleak. Horrez gain, kaian amarratuta zegoen itsasontzi bat hondoratu egin da itsaso zakarraren eraginez.

Elantxoben (Bizkaia), berriz, arraun elkartearen egoitza suntsituta geratu da.

Itsasoko denboraleak kalte nabarmenak eragin ditu Gipuzkoan. Zarauzko malekoian eta Getaria bideko pasealekuan, esaterako, Urola Kostako Hitzak dioenez. Goizetik tabernariak ate eta leihoak estaltzen aritu dira, arratsaldean berriz ere itsasgora izan delako.

Getaria eta Zarautz arteko itsas pasealekuaren zatirik berrienean eskailerak eta ehun metro inguruko baranda zatia zeharo hondatu ditu itsasoaren indarrak.

Errepideetan ere arazoak sortu dituzte haizete eta euri bolada handiek, eta hainbat istripu izan dira han eta hemen. Hala, kamioi batek izan duen istripuaren ondorioz, N-121 errepidea itxi egin behar izan dute Irun (Gipuzkoa) parean Nafarroarako noranzkoan, eta hala egon da zazpi orduz, arratsaldeko hiruak arte.

BI-631 errepidean eta GI-631ean ere arazo handiak izan dira, batean zein bestean, luiziak gertatu direlako. BI-631ean Sollubetik Bermeorako jaitsieran gertatu da lurjauzia, eta harriak eta zuhaitz adarrek errepidea trabatu dira. GI-631ean Zumarragatik Aizpurutxora bidean gertatu da gauza bera. Nolanahi ere, batean zein bestean bide bat irekitzeko modua izan dute ertzainek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.