4.734.000 euro. Hori da 2000ko urtarriletik gaur arte euskal herritarrek Auzitegi Nazionalean bermetan ordaindu behar izan duten dirutza; espetxera ez sartzeko batzuek eta espetxetik irteteko besteek. Epe horretan ordaindutako batez besteko kopuruari begiratuta, Espainiako Auzitegi Nazionalak milioi bat euroren bermeak ezartzen dizkie euskal herritarrei urteko.
Kopuru ikaragarriak eta ez hain handiak, denetik ordaindu behar izaten dituzte Auzitegi Nazionaletik pasatzen diren herritarrek. Hain zuzen ere, Iñaki Uriari, Egunkaria auzian inputatu eta espetxeratutakoari, inoiz ez bezalako diru kopurua eskatu berri diote: 600.000 euro ordaindu behar ditu, dirutan, behin-behinean aske irten ahal izateko. Jon Idigoras HBko mahaikide ohiaren kasua izan daiteke aurrekari esanguratsu bat. 300 milioi pezetako bermea jarri zioten (1.800.000 euro), dirutan ordaintzekoa berari ere, baina ez zuen ordaindu eta, kopuru horri aurre egiteko ahalmenik ez zuela argudiatu ondoren, 30.000 eurora jaitsi zioten bermea. Bien bitartean, lau hilabete gehiago eman zituen preso.
Baltasar Garzonek 1998ko maiatzean abiatutako 18/98 sumarioan jarri dituzte berme handienak. KASen, Orainen, Ardatzaren, Egin-en, Egin Irratiaren, Xakiren, Ekinen eta Joxemi Zumalaberen kontrako operazioetan atxilotutakoen artean 3.972.000 euroren bermeak ordaindu behar izan zituzten. Kasu hartan, baina, berme handienak zituztenek abalen bidez ordaintzeko aukera izan zuten, eta handik bi urte ingurura, bermeen kopurua nabarmen jaitsi zuten: 1.563.000 eurora.18/98 sumarioan, Egin-en kontrako operazioan eskatu zituzten berme handienak: Isidro Murgak 75 milioi pezetako bermea izan zuen, beste lau lagunek 50 milioikoa, eta hiru 25 milioiko bermearekin atera ziren. Abal bidez ordaindu zuten guztiek. Espainiako Auzitegi Nazionalak beti jarri izan ditu bermeak, akusatuak «ihes egiteko arriskua» dagoelakoan. Hala ere, urteotan gero eta handiagoak eskatzen dituzte. Zigor Reizabalen arabera, «argi eta garbi dago behin-behinean gero eta gutxiago ateratzen direla aske, eta ordaindu beharreko kopuruak, berriz, gero eta handiagoak dira». Reizabalek dioenez, garai batean «500.000 eta 1.000.000 pezeta artekoak ziren berme gehienak, oso arraroa zen bost milioi pezetako bermea eskatzea; orain, berriz, gehienak 20.000 eta 30.000 euro artekoak dira».
Bermeen zenbatekoa, etengabe gora
2000tik gaur arteko datuei erreparatuta, Reizabalek bete-betean asmatu du. Izan ere, 2000. urtean 88 lagun irten ziren bermea ordainduta, eta, batez beste, bakoitzak 11.162 euro ordaindu zituen. 2003an 69 lagun irten ziren, eta bakoitzak 18.217 euro ordaindu zituen, batez beste. 2004an, urtea bukatu ez den arren, gorantzako joera hori berresten ari da; gaur arte irten diren 17 lagunek, batez beste, 25.000 euro ordaindu dituzte.
Bermeen odolusteak hainbat eta hainbat laguni eragiten die, eta ez atxilotu eta espetxatuei bakarrik. Izan ere, legeak dio bermea ezin duela inputatuak ordaindu; bermea beti beste batek jartzen du (guraso, bikotekide, lagun...)eta hura da auzipetua epaiketara agertzearen arduradun. «Auzipetuak erantzukizun solidarioa du, besterik ez; hots, ihes egiten badu, badaki bere sendia edo lagunak geldituko direla bermearen dirua jaso gabe», azaldu dio Berriari Reizabalek. Dirua itzultzeari dagokionez, auzipetua epaiketara agertzean itzultzen dute diru hori, baina batzuetan piska bat atzeratzen dira. «Dirua itzuliko dute, bai, baina bitartean pentsa nolako irabaziak atera daitezkeen. Espainiako Justizia Ministerioak BSCHrekin du ituna, eta pentsa Espainia osoko epaitegietatik zenbat diru jasotzen den bermetan; hala ere, argi dago Auzitegi Nazionala dela jaun eta jabe», dio Carlos Trenorrek. Trenor abokatua da, Egin-en kontrako operazioan atxilotu zuten eta 50 milioi pezetako bermearekin irten zen.
«Nire kasuan abal bidez ordaintzeko aukera izan zuten senide eta lagunek. Nik ez nuen ordaintzerik nahi. Kopurua entzutean, barrez hasi nintzen; 'baina tipo hau tontoa al da?', pentsatu nuen. Inoiz ez zen halako bermerik eskatu, eta banekien gurea aurrekari txarra zela. Baina senideek ez zidaten kasu egin, eta abal bidez kalera ateratzea lortu zuten. Asko eskertzen diet, noski», dio Trenorrek. Halere, Auzitegi Nazionalak ez du beti onartzen abal bidezko ordainketa, eta dirutan egiteko exijitzen du. Hor sortzen dira arazoak. «Familiak izan dezake diru hori, baina bermeak gero eta handiagoak dira, eta asko eta asko dira 30.000 euro ordaindu behar dituztenak, eta ez da hain erraza. Batzuek diru bilketa egiten dute, lagunen artean-eta ordaintzen dute; baina gehienak kreditu bat eskatu beharrean aurkitzen dira», dio Reizabalek. Kasu horietan, familiak banketxera jo eta mailegu pertsonal bat eskatzen du, horrek dakarren guztiarekin. Hilero-hilero ordaindu behar dute, interes handiekin, luxuzko auto bat erosi izan balute bezala.
AUZITEGI NAZIONALEKO BERMEAK
Bermetan 4,7 milioi euro ordaindu dituzte euskal herritarrek 2000tik
'Egin'-en kontrako operazioan atxilotutakoek ordaindu zituzten kopuru handienak, baina ez dirutan, abaletan baizik; gainera, bi urte itxaron behar izan zituzten kopuru horiek jaitsi arte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu