Bernadette Soulek hartuko du EEPko zuzendari postua, hilaren 20an

Estebe Eiherabide ordezkatuko du, administrazio kontseiluak haren hautagaitza onartuz gero

inaki petxarroman
2010eko urriaren 5a
00:00
Entzun
Bernadette Soulek hartuko du EEP Euskararen Erakunde Publikoko zuzendari postua, hilaren 20an, Administrazio Kontseiluak haren hautagaitza berresten badu. Izan ere, orain arte karguan izan den Estebe Eiherabidek postua utziko du Garazi-Baigorri elkargoko zerbitzuetako zuzendaria izateko.

Atzo Pays Basque.info kazeta digitalak eman zuen albistearen berri, eta BERRIAk baieztatu ahal izan du Soulek haren hautagaitza aurkeztuko diola EEPko administrazio kontseiluari. Souleren hautagaitzak aurrera egiteko ez luke aparteko arazorik egon behar. Izan ere, sortu zenetik lan egin du erakunde horretan Soulek, eta dagoeneko zuzendari lanetan hasita dago.

Soule Donibane Garazin sortu zen, duela 42 urte. Ekonomialaria da, eta Baionako Merkataritza Ganberan lan egin izan du. BERRIA egunkarian ere kolaborazioak egin ditu, Egitura ekonomiako gehigarrian.

Euskal gaietan diplomatua da Soule, eta euskalgintzan aski ezaguna. Euskaldun berria da, AEKn jardun zen euskara ikasten. Berriki Euskaltzaindiak izendatu du euskaltzain urgazle. Iker zentroarentzat Euskal Herriko toponimiari buruzko lan bat egin du, eta azken hilabeteetan buru-belarri aritu da Ipar Euskal Herrian ETB telebista ikus dadin, aro digitalera igarotzen denean.

Orain arteko zuzendari Eiherabidek iragan uztailean jakinarazi zuen EEP utziko zuela.

Soulek zeregin garrantzitsuei egin beharko die aurre orain,EEPren barruan. Besteak beste, 2010-2016 eperako erakundearen erronka eta ardatzak zein izango diren zehaztu beharko du, alegia, erakundearen ondoko sei urteotako plangintza. Plangintza horretan euskararen erabilera indartzea izango da xede nagusietako bat.

Brissonen jarraipena

Horretarako, taldea antolatu beharko du Soulek. Eta, besteak beste, egitura handitzea beharrezkotzat jotzen dute EEPn, heldu diren urteetako erronkei heldu ahal izateko. Izan ere, hori bera aitortu dute Parisko ikuskariek erakundeari buruz egindako txostenean, alegia, hizkuntz politika eraginkorrak giza baliabide gehiago behar dituela: egun erakundeak zortzi langile ditu, baina hamabi behar dituztela azaldu diote Frantziako Gobernuari. Urtea amaitu aurretik erabakiko du zer egin Parisek.

Bidenabar, zain egon beharko du zalantza baten inguruan: ea Max Brisson egungo lehendakariak (UMP) karguan jarraituko duen, edo beste norbaiten eskuetan utziko duen.

Euskararen Erakunde Publikoa 2004an sortu zen, interes publikoko elkarte gisa. Bi helburu nagusi ditu: euskararen aldeko hizkuntza politika publikoa eta hitzartua asmatzea eta definitzea, eta horretarako behar diren finantza baliabideak bermatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.