euskara

Bernardo Atxaga, euskaltzain oso

Juan Mari Lekuona zenaren lekua beteko du Euskaltzaindian. Gaur egin dute sarrera ekitaldia, Asteasun.

2007ko martxoaren 17a
17:11
Entzun
Gaur egin dute Asteasun (Gipuzkoa) Jose Irazu Garmendia Bernardo Atxaga euskaltzainaren sarrera ekitaldia, Usarrabi kiroldegian. Asteasuarrak Juan Mari Lekuona zenaren lekua beteko du Euskaltzaindian, eta

hitzaldiaren bukaeran azken hitzak harentzat izan ditu, baita Manuel Lekuonarentzat ere: “Dakizuenez, Juan Mari Lekuonak erabili zuen domina hartuko dut nik gaur, aurrez Manuel Lekuonarena izandakoa. Nire esker ona Euskaltzaindiari poz hau emateagatik”.

Ekitaldiaren amaieran, Andres Urrutia euskaltzainburuak euskaltzain osoa dela adierazten duen diploma eta zortzigarren zenbakia duen domina eman dizkio.

Lehenago, goizeko hamaikak aldera, Asteasuko udaletxean elkartu dira euskaltzain osoak, baita ohorezko eta urgazle batzuk ere. Bertan udal ordezkariek hartu dituzte. Euskal kultura eta gizarteko aurpegi ezagunak ere bazeuden.

Iñaki Amenabar Asteasuko alkatearen ongietorria eta Andres Urrutia euskaltzainburuaren agurra entzun dituzte. "Jose Irazu eta Bernardo Atxaga, bi-biok datoz Euskaltzaindira", esan du Urrutiak, "bitzuok baitira bat euskal letretan, gizabanakoa bera eta haren heteronimoa. Hartara, Euskaltzaindiak bereganatzen du, takada batez, bikote harrigarria, pertsona berak bere baitan daramana. Hainbatez, Euskal Akademiara datoz gaur Irazu eta Atxaga, Asteasu eta Bilbo, Gipuzkoa eta Euskal Herria, euskara eta literatura, hizkuntza eta sorkuntza".

Jose Luis Lizundia eta Ana Toledo euskaltzainek lagunduta sartu da batzar aretoan Atxaga, Antzarak, zenbakiak eta letrak izeneko sarrera hitzaldia irakurtzeko. Jose Irazu soilik zeneko garaia izan du abiapuntu; Asteasun jaio eta bertan hazitako haurrak antzarak nola ezagutu zituen gogorarazi du.

Ondoren, Pedro Mari Otaño, Pello Errota, Aita Zabala, Orixe, Lizardi edota Gabriel Arestiren izenak aipatu ditu.

Juan Bautista Agirre XVIII. mendeko idazlea edota Antonio Arrue euskaltzale eta euskaltzain izandakoa ere gogoan izan ditu.

Literaturaz mintzatu da, jakina: “Esan ohi da literatura 'hizkuntzaren utopia' dela. Idazteari ekin eta testuari forma bat ematen saiatzen denak lana eginarazten diola hizkuntzari: adierazi ditzala gauzak hobeto, zehatzago, ederrago; adierazi ditzala, gainera, adierazten zailenak diren gaiak”.

Idazleak hizkuntzaz ere zabal jardun du, batez ere erabili egin behar esanez: "Erabili behar da, idatziz nahiz ahoz. Izan ere, erabilpenak eusten dio hizkuntza bati, erabilpenak ematen dio baliori handiena (...). Hizkuntzaren erabilera balio positiboekin lotzen bada, hainbat eta hobe hizkuntzarentzat (...). Ideologia politikoa baino zerbait gehiago beharko dela gure hizkuntza eta gure kultura aurrera ateratzeko”.

Haren hitzaldiaren ostean, Xabier Kintana euskaltzainak berea egin du. Haren ustez, Atxaga da "gure enbaxadore ezagunena", eta “herri konpromiso eta moral handiko herritar intelektuala” dela esan du.

Ondoren izan dira dantzak, kantuak eta opariak. Oinkari Dantza Taldekoek aurreskua egin diote Atxagari, Aritz Mujika Asteasuko Bertso Eskolako kideak bertsoak kantatu dizkio, Mila Iztuetak Atxagaren Soinujolearen semea liburuaren pasarte bat irakurri du Mirari Irurtzunek biolina jotzen zuen bitartean, herriko lagun batzuek Asteasuko irudi bat oparitu diote, eta Pello Errota Abesbatzakoek hiru abesti kantatu dizkiote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.