Bernardo Atxagak bere liburuetan sortutako Obaba lurralde literarioa eta haren oinarri fisikoa —idazlearen jaioterria, Asteasu— oinez eta Atxagaren beraren laguntzarekin ezagutzeko aukera eskainiko du larunbatetik aurrera Muskerraren Bideak, 17 geltoki lotzen dituen 2.160 metroko ibilbidearekin. Atxagaren parte-hartze eta inplikazio zuzenarekin, Asteasuko Udalak eta Donostia 2016k ekoitzi dute Muskerraren Bidea.
Larunbatean inauguratuko dute Muskerraren Bidea, eguerdian, ibilbidea Atxagaren laguntzarekin egiteko aukera emanez nahi duen orori. Arratsaldean Atxagak hitzaldia egingo du Asteasuko Udaletxean, 17:00etan, eta ondoren musika emanaldiak izango dira.
Asteasuko Elizmendi auzotik abiatuta Tranpazuloraino doa Muskerraren Bidea, eta ibilbideko 17 geltokietako bakoitzean Bost Taldeak Atxagaren ideiak gauzatuz osatutako panel esplikatibo bana aurkituko du ibiltariak, eta horrez gain eskuko telefonoan Atxagaren azalpenak entzuteko aukera izango du, geltokietan ezarritako QR kodeei esker.
Obabari buruzko ezagutza osatuagoa izan nahi duenak Atxagaren Muskerraren bidea liburua eskura dezake, Pamiela argitaketxeak kaleratu berria, gida literario bat, Atxagak beren-beregi idatzitako testuekin eta aurretik argitaratutako hainbat testu eta pasarterekin osatua. Liburua salgai izango da liburu dendetan, eta baita Durangoko Azokan ere.