Beroa, etsai isila eta arriskutsua

Beroagatik alerta egoeran dago Euskal Herria egun hauetan. Bakoitzak bere trikimailuak erabiltzen ditu bero sapari aurre egin eta izan daitezkeen gorabeherak saihesteko.

Donostiako Kontxako hondartza, atzo, jendez gainezka. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Beroa ez da ikusten; sentitu egiten da. Baita ederki sentitu ere. Udara izaki, nabarmendu egiten da sentipen hori; gaiztotu ere egiten da, batzuetan. Hori gertatu da asteon Hego Euskal Herrian: alerta laranja eman dute, beroaldiagatik. Bero horri aurre egiteko, trikimailu batzuk erabiltzen dituzte euskal herritarrek; itzaletan egotea, likido asko edatea eta ordurik beroenetan kalera ez ateratzea dira ohikoenak.

Euskalmeten aburuz, gaur bero handiagoa egingo du, eta termometroak 40 gradura irtsiko dira. Hori bai, kostaldean arinagoa izango da bero sapa: 33 gradu ingurura iritsiko dira.

Jendez lepo daude hondartzak. Horietako bat da Donostiako Ondarreta. Uretan bainatzen dira batzuk, beroa saihesteko. Beste batzuek, berriz, nahiago dute Ondarreta inguruan paseatu; hondartzatik datorren aire freskoa ere baliagarria da bero sentipena uxatzeko.

Lasarte-Orian bizi dira Ana Sanz eta Ciro Garcia, baina askotan etortzen dira Ondarretara, paseatzera. Aire freskoa da, haien ustez, bero sentipena saihesteko gakoa. «Ahal dugun tokirik freskoenetara joaten gara paseatzera; likido asko edaten dugu, eta ahalik eta ahaleginik txikiena egiten saiatzen gara», nabarmendu du Sanzek. Garciak azaldu du «leihoak itxita eta pertsianak jaitsita» edukitzen dituztela etxean; esan du «eguneko ordurik beroenak» igarotzen dituztela bertan.

Ilea bustita dauka Gorka Belartietak; uretatik atera berri da. Lasartearra da hura ere. Lasarte-Orian, ordea, ez dago hondartzarik, eta horregatik joaten da Belartieta Ondarretara: «Oso gustuko dut hondartza; ahal dudan guztietan etortzen naiz. Gorputza freskatzeko uretan sartzea bezalakorik ez dagoela uste dut. Egun bero hauetan, hondartzara joan, ur asko edan eta ariketa fisiko gutxi egiten dut».

Bada Ondarretara itzal bila joaten denik ere. Horretarako aukera izan dezaten, eguzki oihalak jartzen lan egiten du Jose Mari Saralegik. Hondartzara joaten direnak ahalik eta freskoena egotea da haren helburua. Eguzki oihalak jartzea ere lan nekeza bilakatzen da horrelako egun beroetan. Horregatik, oihalak jartzen aritzen direnak ere berotik babesten saiatzen direla esan du Saralegik: «Ur asko edaten eta fruta asko jaten dugu; hondartzan dabilen haize freskoak ere laguntzen du».

Hondartzatik kanpo ere bizia badago, ordea. Modesta Lizasoren ustez, «bero handiegia» egiten du hondartzara joateko; nahiago du etxean gelditu, edo, bestela, bero gutxien egiten duen orduetan paseatzera atera. Ibiltzera ateratzen denean ahalik eta denbora gehiena «itzalpean» pasatzen duela gaineratu du Lizasok.

Aholkuak eta sintomak

Beroaren aurka egiteko, aholku batzuk eman ditu Gipuzkoako Gurutze Gorriko Sorospen eta Larrialdien zuzendari Jose Ramon Barrenak. Itzalpean ahalik eta denbora gehiena igarotzea, likido asko edatea, jaki arinak jatea, arropa arina eta kolore argikoa janztea eta ariketa fisiko gutxi egitea aipatu ditu, besteak beste.

Barrenak uste du, oro har, jendeak ez dituela aintzat hartzen beroaren aurka egun hauetan ematen ari diren gomendioak: «Jendeak uste du exajeratu egiten dugula aholkuak emateko orduan, baina hori ez da horrela. Beroak uste baino ondorio larriagoak dakartza gizakiaren osasunarentzat». Zehaztu du eguzkiaren azpian denbora larregi igarotzeak hainbat konplikazio eragin ditzakeela: «Giharretako arranpak, eguzki kolpea eta bero kolpea eragin ditzake beroak». «Arinenak» arranpak dira; «larriagoak» dira eguzki eta bero kolpeak.

Sintomak desberdinak dira larritasunaren arabera: «Giharretako arranparen kasuan, kontraktura mingarri batzuk besterik ez direnez, pertsona leku fresko batera eraman behar da, eta masaje batzuk eman. Horrekin nahikoa da». Eguzki kolpea eta bero kolpea«larriagoak» direla esan du Barrenak: «Bi gaitzen sintomak bertsuak dira: azala gorritu, gorputzaren tenperatura igo, konortea galdu...». Haur txikiekin, gaixo kronikoekin eta adinekoekin «kontu handiagoa» eduki behar dela azaldu du.

Izerdia da bien arteko ezberdintasun bakarra. Eguzki kolpearen kasuan, pertsonaren gorputza etengabe ari da izerditan; bero kolpea izan badu, aldiz, lehor-lehorra geratuko zaio azala. Pertsona batek bi kolpe horietako bat jasaten badu, giharretako arranpa sendatzeko ematen diren pausoez gain, larrialdi zerbitzuetara deitu eta pertsonaren gorputza zapi eta toallekin busti behar dela nabarmendu du Barrenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.