Uda hastear dago. Hilaren 1etik martxan dira Euskal Herrian administrazioek beroaldiari aurre egiteko prestatu dituzten planak. Beroaldirik izanen ote den igartzea zaila dela adierazi du Euskalmeteko zuzendari Aitor Egurrolak. Beroaldiak nola sortzen diren eta zer-nolako arriskuak dituzten nabarmendu du euskal meteorologia agentziako buruak.
Zurrumurrua kalean da. Aurten beroa izanen omen dugu. Hala izanen da?
Aurtengo uda nolakoa izanen den esatea ezinezkoa da. Badaude hainbat eredu, epe ertainerako eta luzerako ereduak, eta horiek kontuan hartuta, hurrengo hilabeteak edo sasoia nolakoak izanen diren esaten dute hainbatek. Eredu horiek, ordea, ez dira batere fidagarriak. Horregatik, guk horrelako ereduekin ez dugu lan egiten. Gure helburua da iragarpen ona egitea, baina herriz herri.
Zer-nolako uda izanen dugun, beraz, ezin da erran?
Ez. Iragarpen fidagarria nahi badugu, ez.
Zenbat egunetarako egin daiteke iragarpen fidagarria, beraz?
Egoeraren araberakoa da iragarpena. Antizikloia dagoenean, egonkortasuna da nagusi, eta hainbat egunetarako iragarpena egin daiteke. Egoera hain egonkorra ez denean, eta depresioa dagoenean, berriz, hamabi ordu barru eginen duen eguraldia asmatzea ere oso zaila izaten da. Oro har, hiru egunerako egindako iragarpena ona izaten da. Hirugarren egunetik aurrera fidagarritasunak behera egiten du.
Osakidetzako kideekin harremanetan zaudete iragarpenen berri eman eta beroari aurre egiteko neurriak martxan jarri ahal izateko?
Bai. Guk, zehazki, bi protokolo ditugu. Batetik, Herritarren Babeserako Sailari helarazten diogu dugun informazioa. Hau da, eguraldiari dagokionez larria izan daitekeen edozer egoeraren inguruko informazioa bidaltzen diogu sail horri. Bestetik, uda garaian, Osakidetzarekin dugu protokoloa, tenperaturen iragarpena egiteko hurrengo bost egunetarako. EAE lau zatitan banatu dugu: kostaldea, Kantauri barnealdea, trantsizio eremua, eta Ebro ondoko eskualdea. Gune bakoitzerako, tenperatura mugak zehaztu ditugu, Osakidetzarekin hitzartuta. Tenperatura horiek gaindituz gero, arazoak izan ditzakete herritarrek.
Zenbatekoak dira muga horiek?
Kostaldean 31 eta 20 gradukoa, Kantauri barnealdean 35 eta 18, trantsizio eremuan 35 eta 17, eta Ebro ondoko eskualdean 36 eta 17. Hiru egun jarraian gainditzen badira muga horiek, bero bolada izanen genuke EAEn.
Nola sortzen dira beroaldiak?
Antizikloia dagoenean, udako eguraldi garbia eta eguzkitsua, lurra asko berotzen da. Lurrak berak berotzen du gertu duen aire geruza. Eta horrek eragiten digu bero sentipen handia. Horri gehitzen badiogu hegoaldeko haizea, sentipen hori areagotu egiten da. Hego haizea eta antizikloia ditugunean, orduan gertatzen dira beroaldiaren arrisku larrienak.
Gau tropikala deritzon fenomenoak, halaber, arrisku horiek areagotu egiten ditu, ezta?
Bai. Gehienezko tenperatura altua baino larriagoa da gutxieneko tenperatura altua. Egunez gertatzen da gehienezko tenperatura, eta ura edanez edo gorputza freskatuz egiten diogu aurre. Gauez, ordea, loak ezin hartu zaudela jasotzen du gorputzak kalte handien. Horihainbat egunez gertatzen denean, orduan sortzen dira arazoak.
Hainbat adituk klimaren aldaketarekin lotu dute 2003ko beroaldia. Zer deritzozu?
Klimaren aldaketa askoz ere kontu zabalagoa da. 2003koa oso uda beroa izan zen, baina 2002koa oso txarra izan zen. Hotza eta lainotua. Tenperatura ohi baino bi gradu beherago gelditu zen. 2003an kontrakoa, bizpahiru gradu goitikoa izan zen tenperatura. Klima aldaketa ez da bakarrik urte bateko datuekin neurtzen. Askoz ere epe luzeagoa behar da. Iazkoa, adibidez, oso uda arrunta izan zen.
BEROALDIA. AITOR EGURROLA
«Beroaldia izanenote dugun ezin da esan»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu