Hasi da bira, hasi dira 10.urteurreneko ospakizunak. Dolua eta ospakizuna elkarturik. Joan Mari Larrarte Berria Taldeko kontseilari ordezkariak gogora ekarri duenez. Bere hitzetan Joxan Lizarribar Berria Taldeko lehendakariaren oroimena izan da, baita urteurreneko bideoan ere, hari eskainia baitago.
Estreinaldi eguna izan da. Lehenik bideoa. Lorea Agirre, Harkaitz Cano eta Maialen Lujanbiok landuta gidoaiaren gainean Pixel ekoiztetxeak sortutako obra. Hamar minutu inguruko kontakizuna Berriaren inguruan, haren bihotza azaldu nahian. Umorez harikaldua. Emanaldian zehar publikoaren konplizitatea lortu du, eta amaieran txaloa ere.
Bideoaren estreinaldiaren ondoren, Metrokodroka kolektiboaren antzezlanarena ere izan da. Obra ausarta, 'ni' eta 'gu'-ren arteko harremanaz gogoeta egiten duena. Gogoeta eta umorea trebeki uztartzen dituena. Ikuslea harrapatzen du, eta ikuskizunaren parte bihurtzen du. Ikusleek farre egin, gogoeta egin eta sentitu egin dute. Amaieran, txalo zaparrada luzearekin eskertu dute antzezle eta egileen lana.
Ospakizun biraren hasiera Errenterian izan da, Niessen kultur aretoan, eta jarraipena Igorren, Lasarte aretoan. Hurrengo ekitaldia Bermeoko Kafe Antzokian izango da, datorren ostiralean, apirilaren 19an. Urteurreneko 'Berria opa eta topa' izenburuko bideoaren ondoren, Anari eta Leire Gotxiren kontzertua izango da, gaueko 22:00etatik aurrera.