Aldaketak egin beharko dira arlo ekonomikoan, besteak beste, garraioan, nekazaritzan, eraikuntzan edota industrian. Horietako batzuk dagoeneko iragrri dituzte estatu kideek. Frantziak, esaterako, aste honetan bertan aurkeztu du trantsizio energetikorako egitasmoa eta horren baitan iragarri du energia berriztagarrientzako laguntzak 7.000-8.000 milioi eurora igoko dituela.
2030erako gas isuriak %40 murrizteko konpromisoa hartu zuen Europako Batasunak Parisko goi-bileran. Bruselaren arabera, murrizketa %45era helduko da estatu-kideek onartutako legediak indarrean sartzen direnean. Hortik ondorioztatu du mende erdirako murrizketa %60koa izango dela. Era horretan, urrats bat gehiago egin eta 2050erako berotegi efektua eragiten duten gasen isuria eteteko helburua jarri dio Europako Batzordeak bere buruari.
Helburua gaur aurkeztu dute Bruselan, eta iragarri hori lortzeko "inbertsio gehigarriak" egin beharko dituztela aro ekonomiko guztietan. Ordea, horrek "iraultza handia" eta ondorio "baikorrak" eragingo dituela nabarmendu dute. Baina Bruselak aurkeztutako 24 orrialdeko txostenak ez du jasotzen helburu hori lortzeko jarraitzeko proposamen berririk. Soilik zehazten du trantsizioak "bidezkoa eta eraginkorra" behar duela izan.