INGURUMENA

Berotegi gasen isurketak %8-14 artean murriztu ziren iaz EAEn

Eusko Jaurlaritzaren arabera, pandemiak ekarritako josn-etorrien jaitsierak kutsadura maila «nabarmen» txikitu du 

Alexander Boto (Ihobe) eta Iñigo Ansola (EEE), gaur, Bilbon. BERRIA
Igor Susaeta.
2021eko maiatzaren 17a
14:28
Entzun

Pandemiari aurre egiteko administrazioek hartutako neurriek joan-etorriei eragin diote nagusiki, eta, Eusko Jaurlaritzaren arabera, horien ondorioz kutsadura maila «nabarmen» murriztu zen iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Izan ere, garraioarena da atmosferara berotegi gas gehien isurtzen dituen sektorea. Jaurlaritzak ez du oraindik isurketei buruzko iazko inbentarioa osatu, baina lehen datuek diote %8 eta %14 artean jaitsi zirela isurketak 2019ko datuekin alderatuta.

Administrazioak baditu, ordea, 2019ko emisioei buruzko datuak, eta Jaurlaritza ondorio batera heldu da: deskarbonizazio prozesua «bizkortu» egin da EAEn. Txostenean diotenez, 2005 eta duela bi urte artean atmosferara isuritako berotegi gasen kopurua %27 murriztu zen EAEn. Inbentario hori aurkeztu dute Bilbon Ihobe ingurumen agentzia publikoak eta Jaurlaritzaren menpeko EEE Energiaren Euskal Erakundeak, eta zenbaki zehatzak eman dituzte: 2005ean 25,5 milioi tona CO2 baliokide isuri ziren atmosferara —1990ean, 20,8 izan ziren—, eta 2019an, 18,6 milioi tona. 2018ko datuekin alderatuta, berriz, orain bi urte %2 txikitu ziren isuriak. «Beraz, beheranzko joera argia da», nabarmendu du Jaurlaritzaren Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, ohar batean.

EEEko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak eta Alexander Boto Ihobeko zuzendari nagusiak adierazi dute 2019ko datuak BPG barne produktu gordinaren «goranzko testuinguru batean» kokatu behar direla, eta, horrenbestez, «garapen positiboa» izan dela «eraginkortasunean» egindako «hobekuntzengatik» eta egiturazko aldaketengatik; «hau da, ez dela izan abagunearengatik». Azpimarratu dute, bide batez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia %20 hazi zela 2005 eta 2019 artean, eta «hazkunde ekonomikoa» eta isurien murrizketa bateragarriak egiteko «beharra» dagoela.

Inbentarioko zenbakiei erreparatuta, beste ondorio batera heldu dira: Euskadiko Klima 2050 Estrategiaren helburuek markatutako bidean, isurien joera «are hobea» da. «Estrategiaren helburua da 2030era iristea isuriak %40 murriztuta 2005arekin alderatuta». Kanpoko talde batek egiaztatutako metodologiari jarraikiz egin dute inbentarioa, Jaurlaritzaren esanetan, eta NBE Nazio Batuen Erakundeak gaiaz dituen gidalerroak erreferentziatzat hartuta.

EBko batezbestekotik gora

Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak hartzen dute EB Europako Batasunean atmosferara isurtzen diren berotegi gasen %0,5. Biztanleko 8,4 tona CO2 baliokide isurtzen ditu EAEk, eta EBko batezbestekoa 7,9koa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.