Azterketa ugari egin dituzte zientzialariek, eta guztietan emaitzak antzekoak dira. Berriki Nafarroako Unibertsitateko Maria Luisa Lopez eta Veronica Delgado biologoek aurkeztu zuten ikerketa baten arabera, Nafarroan gradu bat berotu da tenperatura azken hiru hamarkadetan. Donostian, Igeldon jasotako datuen arabera, 1,86 gradu berotu zen tenperatura 1971tik 2000. urtera.
Ebidentzia asko daude behaketetan oinarrituta.Ezagunena, tenperatura globalaren segidaren goranzko joera. XX. mendean, 0,76 gradu igo zen batez besteko tenperatura munduan. Hori hirien hazkundeagatik gertatu dela esan izan dute eszeptikoek. Baina hori ez da egia, Jon Saenz EHUko irakaslearen ustez. «Itsasoko tenperatura globalak ere gora egin du, eta itsasoan ez dago hiririk. Bestalde, sateliteen bidez -hau da, mundu osoan- neurtutako tenperaturak antzeko joera erakusten du, troposferako beheko geruzetan». Saenz Fisika Aplikatuko irakaslea da, eta meteorologian aditua.
Gainera, ez dira horiek zantzu bakarrak: itsasoko 700 metroko sakoneran ozeanoan pilatutako beroak gorantz egin du azken hamarkadetan. Ipar poloetako izotz geruzaren lodiera txikitu egin da. Estratosferako tenperaturak beherantz egin du, sateliteen eta puxiken datuek diotenez. «Behaketa horiek guztiak azalgarriak dira teoria fisiko baten barruan. Horrek argi eta garbi azaltzen digu gure planetaren moduko edozeinetan gainazaleko tenperaturak gorantz egin behar duela, baldin eta erradiazio infragorria xurgatzen duten konposaketen kontzentrazioa igotzen bada. Teoria hori duela 100 urtetik baino gehiagotik ezagutzen dugu; laborategietan dago konprobatuta, eta dauzkagun behaketekin bat dator».
Berotegi efektuko gasen isurketa eta bereziki CO2aren isurketak eragin dute hori. Euskal Herrian bertan, %47 handitu dira berotegi efektuko gasen isurketak 1990etik 2008ra, Espainiako Gobernuaren datuen arabera. «Dakizkigun faktore guztiei buruzko kalkulu zehatzak egin eta gero, egungo datuak kontuan hartuta, dudarik gabe esan dezakegu karbono dioxidoa dela orain arte eragin handiena duen faktorea. Eragile nagusia bai, baina bakarra ez». Suess efektuak -isotopoen frakzioen joerak- argi eta garbi adierazten du zein den karbono dioxidoaren jatorria. «Argi adierazten du eguratseko karbono dioxidoko igoera erregai fosilak erretzeagatik agertu dela, eta ez beste isurpen naturalengatik. Erradiazio infragorriaren hedapena deskribatzen duten lege fisikoen arabera, karbono dioxidoaren kontzentrazioak gora egiten badu, gora egingo du gainazaleko tenperaturak ere. Hori egia matematikoa da».
Horrek azaltzen du munduan eta gure inguruan gertatzen ari den klima aldaketaren fenomenoa gizakiek eragina dela. Eta historian zehar gertatutako beste klima aldaketekin alderatuta, hori da diferentzia nagusia. Gainera, erregai fosilak erretzeari uzten ez bazaio, etorkizunean arazoa larriagotuko da. Euskal Herrian, esaterako, 3-4 gradu gorago ibiliko dira gehienezko batez besteko tenperaturak XXI. mende amaieran. Are eta gehiago udan: 5-6 gradu gorago. Prezipitazioak ere egun baino %20 gutxiago izango dira, Aemetek egindako proiekzioen arabera.
Zientzialariek esana dute, eta Saenzek berretsi: «Klima aldaketari aurre egiteko bide bakarra erregai fosil gutxiago kontsumitzea da -energia iturriak dibertsifikatuz edo kontsumoa murriztuz-». Eta, oraingoz, urrutitxo gaude egoera horretatik: «Bai maila globalean bai tokian-tokian. Munduan konturatu behar dugu azken bilera nagusietan akordioak ezin izan direla lortu. Alde batetik, AEBetako ordezkariak ez dira oso eskuzabalak izan. Bestetik, hazkunde bidean dauden herriek garapenerako eskubidea eskatzen dute -logikoa denez-. Interes horiek bateratzea oso zaila izango da, eta oraingoz ez goaz aurrera».
Aldaketa itsasoan
Mundu osoan izaten ari den aldaketa horrek ondorio nabariak ditu: glaziarrak eta poloetako izotzak urtzen ari dira. Horren ondorioz, itsasoaren ur maila igotzen ari da. Euskal Herrian urteko bi milimetro igo da Kantauri itsasoaren ur maila 1950. urtetik gaur arte. Alegia, hamabi bat zentimetro. Itsasoaren tenperatura ere igo da, 0,25 gradu hamarkada bakoitzeko, 1977tik, Azti-Tecnaliak dituen datuen arabera. Aurreko bizpahiru mendeetan ur mailari eutsi zion Kantauri itsasoak, eta XX. mendean hasi zen berotzen. Etorkizunean, gainera, igoera horrek jarraituko du, eta zientzialarien arabera, 29 eta 49 zentimetro artean igoko da uraren maila mende honen bukaeran. Horrekin batera, itsas denboraleen kopurua eta haiek dakartzaten olatuak ere gero eta gehiago eta indartsuagoak izango dira. Alejandro Zearreta EHUko Geologia irakasleak ohartarazi duenez, ekosistemek barnealdera joko dute, tokirik badute. Eta baita hiriguneek ere. «Bi aukera izango dituzte: barrualdera jo, edo hormak eraiki uholdeei aurre egiteko. Beraz, klima aldaketaren ondorioz, kosta lerroak atzera egingo du».
Guillem Chust Azti-Tecnaliako itsas ikerlariak dioenez, Gipuzkoan 110 hektarea har ditzake itsasoak mende amaieran, eta hamabi hektarea Urdaibain. Bizkaiko eta Lapurdiko kostarako oraindik ez dituzte hipotesien emaitzak ezagutzen. «Eragina kostan bereziki itsasadarretako lautadetan gertatutako da, eta gehienak urbanizatuta daude gaur egun». Hain zuzenere, 34 hektarea hirigune arriskuan egongo dira. Hondartzak ere desagertuko dira, eta hezegune, urmael eta itsas belardi faneromagoak ere desagertuko dira, baldin eta barrualdera emigratzeko hormak aurkitzen badituzte.
Hondartzei dagokienez,haien zabaleraren %25 eta %40 artean galduko dute, Azti-Tecnaliak egindako hipotesien arabera. Gipuzkoan Zarauzko eta Getariako hondartzek pairatuko dute egoerarik txarrena, Guillem Chusten iritziz. Urdaibain, Laidako hondartzak izan ditzake ondoriorik larrienak.
Alabaina, etorkizunari buruz izango diren ondorioak neurtzeko, klima aldaketa ez ezik, bestelako faktore batzuk ere kontuan hartu behar direla ohartarazi du Zearretak: sedimentazioa, urmaelen erosioa, ibaien hondar ekarpena, erregimen klimatikoen aldaketak, «eta, bereziki, gizakien esku-hartzeak». Izan ere, Mapeko urmaelaren kasua (Urdaibai) ekarri du gogora Zearretak: «30 urteotan hondar ekarpena asko handitu da inguruko basoetako erosioaren ondorioz, kudeaketa txarraren ondorioz. Beraz, itsas mailaren hazkuntzaren abiadura erraz gainditu du».
Hondartzek etorkizun onik ez dute izango, EHUko irakaslearen irudiko. «Itsaslabarren oinetan daudenek ezin dute atzera egin, harkaitza dutelako oztopo. Itsasadarretan daudenak, edo ibaien bokaletan, aukera gehiago lukete atzera egiteko, baldin eta atzean hiriguneak ez baleude. Baina kontuan eduki behar da Euskal Herriko populazioaren zati handi bat itsasadarretan bizi dela. Beraz, erosio handia pairatuko dute beste horiek ere». Antzeko egoera eta baldintzak daude Bizkaian, Gipuzkoan eta Lapurdin, alde horretatik, Zearretaren esanetan.
Historian zehar gertatu dira antzeko prozesuak, baina gizakiak eragindako klima aldaketaren ondorioz datorkigun honek baditu berezitasunak,Zearretaren iritziz: batetik, aldaketa oso azkar gertatzen ari da, iraganean izan diren prozesuekin konparatuz; eta, bestetik, inoiz baino jende gehiago bizi da kostaldean. «Horrek hauskorrago bihurtzen gaitu. Duela 10.000 urte antzeko prozesu bat gertatu zenean, barrura jo zuten gizakiek, itsasoak lurrak hartu ahala. Baina pertsona kopurua eta gizarteen garapen materialak ez dira berak gaur egun eta orduan. Beraz, ezin espero erantzun bera».
Aldaketak, bertatik bertara
Hamarkadak daramatza Pello Zabala frantziskotarrak klimari,eta bereziki naturari, erreparatzen. Azken urteotan ikusi dituen gauza batzuk ez dira normalak, eta klima aldaketaren ondoriotzat ditu. Hona horietako batzuk:Eguzki gehiago. Azken urteotan eguzki gehiago eta laino gutxiago ikusi ditu Zabalak Arantzazun.
Hezetasunik gabeko airea. Hori da azken urteotan Zabala gehien kezkatu duen fenomenoetako bat, hezedurarik gabeko airea. «Gu Bizkaiko Golkoan gaude, eta giroa lainotsua eta euritsua izaten da, baina penintsuletako ordokietako aire lehor hori gero eta gehiago dugu gurean». Zabala harritu zuen 2003ko udak. «Erabat lehorra izan zen airearen aldetik. Beroa ere izan zen, baina niretzat lehortasun hori adierazgarriagoa zen». Ondorioz, zuhaitz ugari geratu ziren hostoak bere hartan ihartuta. Eta idortasun hori gauez ere nagusi zen, normalean hezedura igo ohi den eguneko unean. Hori azken urte hauetan ezagutu du Zabalak, eta kezka dezente sortzen dio. «Hori ez baita normala, ez ohikoa».
Hegaztiak. Jakina da zikoinek gurean pasatzen dutela negua dagoeneko; garai batean Afrikara joaten ziren. Enarei buruz ere esaera zahar bat dago: Enara, santakrutzetan etorri eta santakrutzean joan. Hala zen behinola. Maiatz hasieran etorri eta irail erditsuan erretiratzen ziren lur beroagoetara. Gaur egun otsail-martxoetan hemen dira enarak, eta urri partean joaten dira. «Gehienak joaten dira, baina gris horiek, harkaitzetakoak, neguetatik erdietan hemen ikusten ditut jadanik».
Zuhaitzak. Zuhaitzak ere garai batean baino lehenago loratzen dira. Zabalak gogoan du ikasle garaian abuztuan joaten zirela ezki lorearen bila. Gaur egun sanjoanetarako hortxe egoten dira ezkiak loretan. Santamaletan gaztainak loretan dio atsotitzak. Eta azkenaldian, hilabete lehenago ere hortxe izatendute gaztainondoek lorea.