Erreakzioak. Erabakiaren aurka egin dute Jaurlaritzak, sindikatuek, alderdiek eta ekologistek

2013ko maiatzaren 24a
19:21
Entzun

Eusko Jaurlaritza. Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasunerako sailburu Arantza Tapiak berretsi du Garoñako zentral nuklearra jarduera luzatzea "arbuiatzen" duela. Segurtasun faltak arduratzen du. “Zentralaren eraginpean dauden euskal udalerriek, inoiz baino gehiago, ministerioari aldarrikatuko dizkiogun laguntzak behar dituzte”. Esan du Garoñak ez duela ez segurtasuna, ez kalitatea eta ez eraginkortasun ekonomikoan berezitasunik eskaintzen.

EAJ. Jose Manuel Soria Espainiako Gobernuko Industria ministroari eskatu dio erabakia hartu aurretik Arabako herritarrei entzuteko. EAJk "deitoratu" egin du Soriak denbora luzatzeko azaldu duen jarrera.

EH Bildu. Eredu energetiko berriztagarriak izan dezakeen "albisterik txarrena” dela uste du koalizioak. “Beste behin, agerian geratu da energia sistemaren inguruko erabakiak interes pribatuei begira hartzen direla", esan du EH Bilduko kide Dani Maeztuk. Beste "aitzaki guztiek" ez dutela ezertarako balio pentsatzen du. Koalizioak atxikimendua eman die erabakiaren aurkako protestei.

PSE-EE. Txarli Prieto PSE-EEko ordezkariak uste du enpresak "etekina" lortu nahi duela, besterik ez. "Herritarren segurtasuna ezin da Nuclenor enpresaren etekinen azpian geratu. Arbuiatzen dugula argi geratu behar da erantzunean", adierazi du sozialistak. "Berehala" ixteko eskatu du.

PP. Alderdi Popularraren Arabako ordezkariak ere Espainiako Gobernuari eskatu dio Gasteizen azalpenak emateko.

Alternatiba. Garoñaren bizitza luzatzeko aukera salatu du eta Gasteizen manifestatzera deitu du biharko. "Energiaren sektoreko enpresa handiekiko klase politikoak, eskumak bereziki, duen menpekotasunaren froga argia da erabakia". Garoñako zentral nuklearraren itxiera “ezinbestekoa bezain premiazkoa” dela nabarmendu du. “Zaharkitua dagoelako eta segurtasun gabeziak eta arrisku ugari dituelako”.

LAB. Argi esan du "45 urteko zentral zaharkitua" dela Garoña, eta "behin betiko itxi eta desmantelatzeko" eskaera egin du. LAB sindikatuaren apostua energia nuklearra baztertzea eta energia aurrezteari eta eraginkortasunari benetako "bultzada" ematea da, energia berriztagarri garbiak eta instalazio sakabanatuak sustatzeaz gain.

Eguzki. Erabakia ez du sorpresaz hartu Eguzkik, baina "oso albiste txarra" iruditu zaio. "Erabaki honek argi uzten du, beste behin ere, gaur egungo CSN lobby nuklearrari, multinazionalei eta interes politikoei salduta dagoela". Espainiako Gobernuaren erabakia falta den arren, pentsatzen dute luzapena gauzatzeak ez duela "inolako oztoporik" izango.

Araba Garoñarik Gabe. "Azken astean gustu txarreko antzerki bat ikusi dugu; arabarron osasunarekin eta bizitza kalitatearekin jolasean aritu dira", salatu du Araba Garoñarik Gabe taldeak. Erabakia salatzeko, bihar Gasteizko Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea antolatu dute, 12:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.