Erreakzioak. ETArengandik "ekintzak" eta "armak emateko berehalako konpromisoa" espero du Jaurlaritzak

2014ko otsailaren 8a
14:19
Entzun

Eusko Jaurlaritza

ETArengandik "ekintzak" eta "armak emateko berehalako konpromisoa" espero du Eusko Jaurlaritzak, erakunde armatuak gaur argitaratutako agiriari erantzunez. "ETAk badaki zein den errealitatea, bere errealitatea ezagutzen du, eta badaki zer egin behar duen. Euskal gizarteak eta Eusko Jaurlaritzak armak emateko berehalako engaiamendua espero dute", esan du gobernuak.

Espainiako Gobernua

Espainiako Barne Ministerioak ohartarazi du ETA desegiteko lanean jarraitzen dutela segurtasun indarrek. Europa Press agentziak ministerioko iturriak aipatuz argitaratu duenez, Espainiako Gobernuak berretsi du ETAren aldetik espero duen agiri bakarra desegitearena dela.

EAJ

Joseba Egibar EAJko Gipuzku Buru Batzarreko presidentea minzatu da ETAren agiriaz Radio Euskadin, eta bertan esan du "desarmearen aurreko adierazpena" izan daitekeela erakunde armatuak gaur eginikoa. Nabarmendu du ez dela "batere erraza" erakunde armatu baten desegitea, eta, beraz, "erabakiak hartzerakoan eta horiek gauzatzerakoan umilagoak" izatera deitu du. Egibarren ustez, ETAren jardun armatuaren behin betiko amaiera egiaztatzeko ardura du, "eta ez du egin nahi izan".

UPN

Carlos Garcia Adanero Nafarroako Parlamentuko UPNko bozeramaileak esan du ETAren agiriak ez duela ekarpenik egiten; "tarteka agiri bat argitaratu gizarteari erakusteko presentzia duela, hori da ETAk egiten duena", gaineratu du Garcia Adanerok.
 

EH Bildu

Juanjo Agirrezabala EH Bilduko legebiltzarkidearen arabera, "PPren eta Espainiako Gobernuaren teilatuan dago pilota", eta "itxikeriaz" jokatzea egotzi die. Haren ustez, euskal gizartea eragile guztiei eskatzen ari zaie "mugitzeko"; "ETAk agerian utzi du sektore batzuk mugitzen ari direla eta beste batzuk ez", gaineratu du.

PSE - PSN

PSEko Eusko Legebiltzarreko bozeramaile Jose Antonio Pastorrek, berriz, esan du ETAk "desagertzeko aukera galdu" duela, eta gaineratu erakunde armatuak "desegin besterik"  ez duela egin behar. Bestalde, Patxi Lopez PSEko idazkari nagusia ere mintzatu da erakundearen agiriaz: "ETAk ezin du ezer erabaki ezta eragin ere, soilik desegiten dela iragartzeko agiria egin behar du, ez gehiago".

PSNko Javier Remirezek, berriz, esan du ez dagoela ezer berririk erakundearen agirian. "Antza denez, ETA faszikuluka aurreratzen ari da denok espero dugun erabaki bakarra, bere desegitearena".

PP

PPko legebiltzarkide Borja Semperrek, berriz, adierazi du ETAren amaiera "egiaztatuta" dagoela, "ez duelako berriro hilko". Agiria "deskonposizioan dagoen talde baten eguneroko zentzugabekerian" kokatu du Semperrek, eta gaineratu ETAk ez duela ezeren borondaterik azaldu: "Segurtasun indarrek eta euskal gizarteak baztertua eta garaitua izan da".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.