Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun sailburuak azalpenak eman ditu atzo Fagorren geroaren inguruan Gasteizen eginiko bileraren inguruan.
Fagorren hartzekodunen konkurtsoak Edesako Basauriko plantan ez du eraginik izango, Bizkaiko Foru Aldundiak berme bat emanda. Horren inguruan, Euskadi Irratiak eginiko elkarrizketa batean, Tapiak zehaztu du emandako bermearen bidez saihestu dela Basauriko planta hartzekodunen konkurtsoan sartzea, eta gaineratu du orain bideragarritasun plan bat egin behar dutela. Aldiz, "Fagorrentzat bide hori egina zegoen", esan du, eta gaineratu egoera ezberdina dutela Fagorrek eta Edesak.
Tapiak nabarmendu du "guztion inplikazioa" behar zela Fagor Etxetresnek aurrera egin zezaten, baina erantsi du Mondragon Taldeak ez zuela bideragarritzat jotzen.
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, bestalde, Grumal babesteko aukera ez duela baztertzen azaldu du, baina "seriotasun irizpideen" barnean. Radio Euskadin, Garitanok esan du Fagorrekin harremanetan dagoela aldundia, Grumalen bideragarritasuna aztertzeko. Enpresak izan lezakeen kostua eta "juridikoki eta ekonomikoki bideragarria" den aztertu behar da, Garitanoren esanetan.
Edesa laguntzeko Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak iragarritako bermea izan du ahotan Garitanok: "Gu ez ginen bileratik atera esanaz Grumal salbatuko genuela, jakin gabe posible denik, uste baitugu arduraz jokatu behar dela jendea lur jota dagoen une hauetan". "Epe motzera" jokatzea "egoera honetan oso arriskutsua" dela gaineratu du.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen arabera, merezi du enpresa batean "salbatu daitezkeen" zatiak aurrera ateratzeko lan egitea. Atzoko bilkura "gazi-gozoa" izan zela azaldu du; egoera "zaila" dela baina Bilbaoren neurriak "argi izpiak" erakusten dituela esan du Erkorekak.
"Enpresaren parte batzuk, Jaurlaritzak zioen bezala, bideragarriak badira, merezi du bideragarritasun horren alde lan egitea", gaineratu du.