Eusko Jaurlaritza
Amagoia Elezkanoren hilketa gaitzetsi, eta gaur eta bihar arratsalderako deitutako mobilizazioetan parte hartzera deitu du dute hainbat erakundek eta elkartek.
Clara Campoamor elkartea
Emakume izateagatik emakumeek hiltzeko arriskua dutela nabarmendu du Clara Campoamor elkarteak eta Laudion gertatutakoak agerian uzten duela gizartean emakumeek bizi duten errealitatea. "Heriotza honen arrazoiak ezagutzen ditugu: XXI. mendean gure gizartean dagoen berdintasun eza estrukturala".
Elkarteak hilketa gaitzetsi du, eta gizartearen eta justizia sozialaren kontrako erasoa dela azpimarratu dute. Gaineratu du hilketa honetan badela beste genero indarkeria biktima bat: "Haurra".
Emakunde
Andreen kontrako indarkeria salatu eta gaitzestera deitu ditu herritarrak Emakundek. "Emakumeen kontrako edonolako jarrera iraingarrien aurrean" jarrera "aktiboa" izateko eta inola ere ez onartzeko eskatu die.
"Gizarte osoaren inplikazioarekin", eta parekidetasuna lortzeko beharrezko den "balio aldaketekin" soilik lortu da era horretako indarkeriak amaitzea, Emakunderen esanetan.
Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak jakinarazi du Orozkoko elkarretaratzean egongo dela gaur, 19:00etan. Laudion 20:00etan egingo duten protestan parte hartzera ere deitu du Emakundek.
EAEko Arartekoa
Iñigo Lamarca Euskal Autonomia Erkidegoko arartekoak ere gaitzetsi du gaur goizaldeko hilketa, eta samina adierazi die senideei.
"Genero indarkeriak giza zorigaitz gaitzesgarri bat jartzen digu begi-bistan, eta zorigaitz horren garrantzi sozial eta politikoa ikusita, herri-erakunde guztiok konpromiso irmoak hartu eta erabakitasunezko jarduerak burutu behar ditugu emakumeen eta gizonen benetako berdintasun eraginkorraren alde borrokatzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxista erakusten duen ekintza oro desagerrarazteko", esan du arartekoak.
Aiaraldeko berdintasunaren aldeko gizon taldea
BIOK Aiaraldeko berdintasunaren aldeko gizon taldeak esan du emakumeen kontrako indarkeria gizon-emakumeen arteko desberdintasunen ondoriorik "dramatikoena" dela, eta erasoa gaitzetsi du. Elkarteak oroitarazi du indarkeria matxista ez dela "naturala" baizik eta "arrazoi politiko, sozial eta kulturalei" erantzuten diela. Halaber, dei egin du hilketa gaitzesteko antolatu dituzten mobilizazioetan parte hartzera.
EH Bildu
"Indarkeria matxistaren kontrako ardura soziala eta politikoa gure gain hartzeko konpromisoa" adierazi du EH Bilduk, eta indarkeria matxistari aurre egiteko "politika integralak burutzen jarraitzeko deia" egin du. Herritarrei ere eskatu die "edozein indarkeri sexistaren aurrean, jarrera edo eta diskriminazioaren aurrean salaketa" egin dezaten.
Gaur arratsaldean Orozkon 19:00etan eta Laudion 20:00etan egingo diren elkarretarateetan koalizioko ordezkariak izango direla jakinarazi du koalizioak: besteak beste, Belen Arrondo, Julen Arzuaga, Maribi Ugarteburu eta Eva Blanco.
Udalak
Hainbat udalek ere dolumina adierazi eta gaur goizaldean jazotako erasoa gaitzetsi dute. Hala egin dute Eibarko eta Sopelako udalek. Sopelakoak konpromisoa adierazi du "bere eskumenen esparruan eta indarrean dagoen legeria ezarriz, berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako udal politika aktibo, oso eta koordinatua" garatzeko.
Sopelako Udalak dei egin du bihar 19:30ean Larrabasterrako Gatzarriñe kalean Uribe Kostako Emakumeen Kontseiluak antolatu duen kontzentrazioan parte hartzera. Orobat, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren plataformak ere biharko deitu du elkarretaratzera: 19:00etan jarri dute hitzordua, Arrasateko Herriko Plazan.
Eudel
Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak ere gaitzetsi du Elezkanoren hilketa, eta nabarmendu du "heriotzek emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alde bat baino ez" dutela erakusten. "Egoera hori gizon eta emakumeen arteko ezberdintasunean sortzen da". Udaletan berdintasuna eraginkor egiteko erakundeek hala nola herritarrek duten erantzukizuna gogoratu du, eta elkartasuna adierazi die biktimaren senideei eta lagunei. Bat egiten du, era berean, erakundeek deitu dituzten elkarretaratze guztiekin.
Euskal Herriko emakumeen mundu martxak ere deitu du mobilizatzera. Bihar elkartuko dira Donostiako Bulebarrean, 19:30ean. Bihar ere, ordu berean, Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazan protesta egitera deitu du Gasteizko Plataforma Feministak.