Erreakzioak. Jaurlaritza MCCrekin elkarlanean ariko da, Fagorren itxieraren "eragin soziala gutxitzeko"

2013ko urriaren 31
14:00
Entzun

Astelehenean batzartuko dira Mondragon Korporazioa, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia, Fagorren egoera aztertzeko. Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun sailburuak uste du "larria eta zaila" dela Fagor Etxetresnen egoera, eta, "purrustadarik gabe", elkarlanean aritzeko prest agertu da.

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, berriz, esan du "arduraz" jokatuz gero ez dela "azken unera arte etsi" behar. "Kooperatibismoak sustrai sakonak ditu Gipuzkoan eta eutsi egin behar diogu horri", esan du. MCCk Fagor Etxetresnei diru gehiago ez ematearen inguruan, "ondorioak ateratzeko denon artean analisi zintzo bat" egiteko beharra nabarmendu du Garitanok.

LABekoidazkari nagusi Ainhoa Etxaideren ustez, MCCk "erabakietan okerrena, gogorrena eta gutxien konpartitzen duguna" hartu du. "Hipotesi okerrenaren aurrean gaude", gaineratu du. Uste du Fagorren egoerak ez duela zalantzan jartzen kooperatibismoa, nahiz eta aitortu duen kooperatibismoa "oinarrizko zutabe" gisa ulertzeko eran "mugarria" izango dela gertatutakoa.

PSE-EEko idazkari nagusi Patxi Lopez "harrigarria" deritzo Eusko Jaurlaritzak, Fagorrek bideragarritasun planik aurkeztu gabe, kooperatibari 50 milioi euroko diru laguntza eman izana. Gogorarazi du "aspalditik" jakina zela etxetresnen sektorea krisian zegoela, "etxegintzaren burbuilaren hausturaren" eta "nazioarte mailako lehiakortasun basatiaren" eraginez.

Alternatibako bozeramaile Oskar Matuteren arabera, "Euskal Herriko industria ehunarentzat oinarrizkoa den eta milaka pertsonek osatzen duten enpresaren itxiera ekarriko du” Fagorren egoerak. Matutek gaitzetsi ditu biziraupenaren inguruan enpresak hartutako erabakiak “eredu kooperatiboaren gainetik, korporatiboa ari delako gailentzen, taldeko marka desberdinen arteko elkartasuna ahazteraino”. Hala, kooperatibismoaren "demokratizazioa" aldarrikatu du "ikuspegi kapitalistatik bizkortzea" eskatzen dutenen aurrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.