PSOEko Antolakuntza idazkari Oscar Lopezek esan du EPPKren oharra "urrats bat gehiago" dela eta azken pausoa ETAren desegitea izan behar dela.
PPko diputatu Rafael Hernandoren arabera, EPPKren oharrak ez du aldaraziko Espainiako Gobernuaren jarrera, Madrilek uste baitu "erakunde terroristatik espero daitekeen bakarra desegitea" dela.
LABek adierazi du euskal sindikatuekin harremanetan jarriko dela "presoen adierazpenarekin sortutako egoera berria aztertzeko eta irekitako bidean lagundu dezaketen iniziatiba sindikalak baloratzeko". Sindikatuak uste du Euskal Herriak "bide propioa" egin behar duela, "baita bakea lortzeko ere".
Espainiako Poliziak "etengabe" lan egingo du "ETA erabat desagertu arte", Ignacio Cosido Espainiako Poliziako zuzendari nagusiak esan duenez. Eta gaineratu du 2014an lehentasunezkoa izango dela "terrorismoaren" kontrako borroka .
Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek salatu egin du EPPKren oharraren inguruan hainbat eragile politiko eta instituzionalek agertutako jarrera, iritzita "ezikusiarena egin edota gaitzetsi" egin dutela: “Bitxia da ikustea nola normalizazio politikoaren alde egiten duen eta eragindako minaren aitorpen jakina egiten duen adierazpen batek jende bat gogaitu ere egin dezakeen; agerian gelditu da askok gatazka iraunarazi nahi dutela konponbidearen alde lan egin beharrean”.
Sortuk uste du presoen kolektiboak eginikoa "konponbide prozesuan lehen mailako ekarpena" dela, eta nabarmendu du adierazpenaren edukiek ez dutela "zalantzarik" uzten presoek bake prozesuarekiko duten konpromisoaz.
Barrenaren arabera, EPPKren hausnarketaren indarguneak "ukaezinak" dira, eta bake prozesuaren bideragarritasunari "hauspoa" ematen diote. Halaber, uste du presoen gogoetak eta ondorioak "erabat" txertatzen direla "gatazkaren konponbiderako Euskal Herrian zein nazioartean egiten ari diren ahaleginekin".
Euskal Preso Politikoen Kolektiboak "erralismo ariketa, edukiekin" egin du, Joseba Egibar EAJko Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak adierazi duenez. Presoen kolektiboaren adierazpena "aurrerapauso bat den aldaketa bat" dela uste du, baina urrats gehiago egiteko eskatu dio Egibarrek EPPKri; hain zuzen, "bizpahiru urte" ez itxarotea eta presoen egoera hobetzeko urratsak "berehala" egiten hastea galdegin dio kolektiboari.
PSE-EEko eledun Idoia Mendiak esan du adierazpena "aurrerapauso garrantzitsua" dela. Espainiako Gobernuak "itxaron" egin behar duela uste du Mendiak, ikusi arte adierazpena "nola gauzatzen den eta presoek zein urrats jarraitzen dituzten". PSNk, berriz, "aldaketa" nabaritu du presoen kolektiboaren jarreran; "aurrerapen nabarmena" da EPPKren adierazpena, ohar batean adierazi duenez. Nolanahi ere, PSNk uste du aurrera egiten jarraitzeko, presoek ETAri eskatu behar diotela erakunde armatua desegiteko eta armak emateko.