Joseba Egibar (EAJko GBBko presidentea)
Joseba Egibar azken hilabeteotako gaixoaldian egon da berarekin, eta uste duenez, "Labaienek bazekien zer zetorkion", baina gaixotasunak ahuldu duen arte jardun du lanean. Bere ibilbidea "erabat konprometitua eta oparoa" izan da. "Euskara, kultura, komunikabideak, ingurumena... arlo horiek guztiak landu zituen". Azken batean, "herrigintza" egin zuela uste du Egibarrek, eta erakutsi "herri bat maitatzeko mila modu" daudela, "ez bakarrik politikatik". Bera joan da, "baina berak egindakoa hortxe geratuko da, belaunaldi berriek ezagut dezaten".
Juan Karlos Izagirre. (Donostiako alkatea)
"Euskaldun eta abertzale eredugarria galdu du Euskal Herriak, Donostiak, alkate ohi eredugarria". Horixe uste du Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak. Oso ongi ezagutzen zuen Labaien. Alkatetza hartu zuenetik maiz egon zen harekin, "asko ikasi" zuen harengandik, baina lehendik ezagutzen zuen, eta eta "estimu" handia zion. "Oso pertsona irekia eta ona zen".
Carlos Garaikoetxea (Jaurlaritzako lehendakari ohia)
Carlos Garaikoetxea lehendakari zela izan zen Kultura sailburu Labaien. Harengandik gehien nabarmendu duena "euskaltzalea eta kultura izugarria" izan dira, eta horiexegatik eta "lanerako zeukan gaitasunagatik" aukeratu zuten Kultura sailburu izateko. "Sintonia oso ona izan genuen hasieratik". Lanerako aproposa izateaz gainera, lanetik kanpoko izaera nabarmendu du Garaikoetxeak: "lagun ona zen elkarbizitzarako".
Miren Azkarate (Jaurlaritzako Kultura salburu ohia)
Miren Azkaratek estimu handitan zuen. Eusko Jaurlaritzako lehen gobernuan euskal kulturaren aldeko "apustu sendoa" egin zuen, eta gobernuko kideak "konbentzitu" zituen zenbateraino garrantzitsua zen euskal kultura erdian jartzea. Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta EITB sortzeko beharraz ere "konbentzimendua" transmititu zuen. "Konbentzimendu horrez gain, politika ardurak utzi eta gero, bere bizitzan beti aritu da euskal kulturaren eta euskal hedabideen alde".
Euskal nazio baten aldeko egitasmoetan "beti konprometitua" izan da, Azkarateren arabera. "Bere entusiasmoari azken unera arte eutsi dio. Zubigintzan pertsona garrantzitsua izan zen Labaien". Aurrera egiteko iraganera begiratu behar dela uste zuen Labaienek, Azkaratek gogoan duenez: "1936ko gerra aurretik euskararen eta euskal kulturaren alde lan egin zutenak ere gogoan zituen, konsziente zen aurreko ondarea zein zen". Bestalde, azken ordura arte bere buruaren jabe izan da, eta azkeneko urteetan kapaz zen garai bateko gauzak gogoratzeko eta transmititzeko. Errenazimendu garaiko izpiritua zuen, kuriositate intelektual zabalekoa baitzen".
Jose Mari Otermin (Euskaldi Irratiko lehen zuzendaria)
Jaurlaritzaren lehen urteetan buru-belarri aritu ziren lanean Otermin eta Labaien elkarrekin. "1980ko Eusko Jaurlaritzaren programak aipamen zehatza egiten zuen hedabide propioei buruz. Gauza bat da formulazioa eta beste bat aurrera eramatea. Labaienen ahalegina oso-oso garrantzitsua izan zen, bi aldetatik". Batetik, jendea eta lan talde bat lanean jarri zuela nabarmendu du, eta bestetik, "ekonomia egoera zaila zen arren Jaurlaritzaren aurrekontu urrietatik dirua EITBrako bideratzeko ez zuen trabarik jartzen. Alderantziz, bera zen bultzagilea". Diru urri haietatik zati bat EITB sortzera bideratzeko gogoz aritu zen.
Labaienen lana ere "funtsezkoa izan zen euskal antzerkiarentzat, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarentzat eta HABErentzat", Oterminen arabera. "Ramonekin arratsalde bat egin zenezakeen mundua konpontzen, baina hurrengo goizean mahai gainean proiektu zehatzak jartzen zituen, kontuak eskatzearekin batera. Bultzagile bat eta eragile bat zen". Hedabide publikoak asko maite zituen. "Euskadi Irratia abian jarri eta egun berean bulegora etorri zen, eta lehendakariari deitu zion telefonoz euskarazko irratia entzuten zuen galdetzeko. Bere begiko ninietako bat izan zen EITB." Ardura politikoko karguak utzi zituenean, berdin jarraitu zuen bizitzan, "euskaltzaletasuna eta euskalduntasunean zubigile izaten. Bere kasa pentsatzen zuen eta bere kasa hartzen zituen erabakiak. Begiak lau haizetara zituen pertsona ere bazen. Nahiz eta oso euskalduna eta euskaltzalea izan, mundu osoari begiratzen zekien pertsona zen".
Iñigo Alberdi, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari nagusia
EOSeko zuzendaritza hartu zuenetik "askotan" egon izan da Iñigo Alberdi harekin hizketan. Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren sorreran "berebiziko garrantzia" izan zuen Labaienek, baita beste erakunde batzuen sorreran ere. Orkestraren sorreran Carlos Garaikoetxea, Labaien bera eta Imanol Olaizola orkestrako zuzendaria izan ziren hiru pertsona nabarmenenak. "Ekonomikoki garai gogorrak ziren". Baina Ramon bera "kultura pertsona izanda, eta gizon jantzia, abertzaletasun konprometitutik ikusi zuen orkestra bat izateak balio handia zuela. Hautu indartsu hori egin zuen orkestraren alde, eta hor gaude 32 urteren ostean Ramon bezalako pertsonei esker".
Orkestrak enbaxadore izatearen ideia defendatzen zuen. Baita euskal musikaren lana jasotzearena. "Gainera, gizon jantzia zen musika alorrean. Belaunaldi baten adierazgarri da, erbestean bizi izandakoa. Gure historian bere abizenak garrantzia handia dauka. Niri esaten zidan oso harro zegoela orkestraren lanarekin. Esaten zuen, herri bat, herri bat izango bada, bi gauza izan behar dituela: orkestra indartsu bat eta hegazkin konpainia bat".
Txutxi Ariznabarreta (Independentistak Sareko kidea)
Independentistak Sarearen sortzaileetako bat izan zen Labaien, 2010ean, eta harrez gero "oso aktiboki" hartu zuen parte. "Beti zegoen prest edozertarako", mobilizazioetan-eta "pankarta eramateko prest betTxutxi Ariznabarretak gogoan duenez. Bileretan berak egiten zituen "ekarpenak" asko estimatu izan ditu Ariznabarretak. "Ibilbide politiko luzekoa zen, eta esperientzia handikoa". Horrez gainera, adinean aurrera zihoan arren, "buru argia" zuen. "Bere argitasunak" harritzen zuen gehien.
"Oso xamurra" jendearekin harremanean, "jario gozokoa" hizketabn, eta "adin guztietako jendearekin oso ongi moldatzen" zen. "Doluminak" eman nahi izan dizkie senideei eta lagunei.
Joan Mari Torrealdai (Jakin-eko zuzendaria)
“Abertzale eta oso euskaltzalea” zela nabarmendu du Joan Mari Torrealdaik, “abertzale oso kritikoa. oso koherentea ere bai; talantez liberala, konbentzio handikoa, baina dogmarik gabea”.
EAJ “alderdiarekiko ere oso kritikoa” zen, eta bere “leialtasuna ez zen alderdiarekiko, aberriarekiko baizik”.
Gogoan du Torrealdaik, min handia eman ziola Labaieni Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean, eta auzipetuen aldeko taldea sortzeko berak egin ziela proposamena berari eta gainerako auzipetuei. “Biktimak ginela pentsatzen zuen, eta herritarrek jarri behar zutela auzipetuei eskatzen zitzaien dirua”. Dirua biltzen jardun zuen Labaienek Egunkaria Epaiketa Ekimen taldean. “Nahi baino diru gutxiago bildu” zuen, beti gehiago egin behar zela uste baitzuen.
Makina bat bazkari egin zituzten elkarrekin. “Oso dibertigarria” zela dakarki gogora, bertsolari plantan ere ederki ibiltzen zela puntuak bota eta bertsoak egiten. “Anekdota asko zituen”. Solaskide aparta zen Labaien, “kultur handiko gizona”.
Iñaki Zubillaga (euskaltzale eta laguna)
"Aspaldi" ezagutu zuen Ramon Labaien, Lagunok euskaltzaleek eta abertzaleek sortutako mugimenduan. Donostiako Udalean ere gertutik ezagutu zuen. "Ezin ahaztu berak esaten zuela argi izan behar zela zein zen arerioa, zein zegoen kontra. Oso aipagarria da hori. Esaten zuen ez zuela arazorik, ezker zein eskuineko abertzaleekin, bazekiela zein zegoen bere kontra". Aberri Egunean abertzaleok "arlotearena" egiten ari ginela esaten zuen, ez zuela alderdien eguna izan behar.
Euskaldunon Egunkariaren itxieraren ostean, bestalde, "pauso bat eman zuen aurrera eta asko lagundu zuen diru bilketan. Bere itzala handia izan zen lan horretan. Lagun ona zen, azkarra, umoretsua, memoria izugarrikoa eta abertzalea. Euskararen alde zalantzarik gabekoa zen. Kontuan hartzeko eta goraipatzeko moduko pertsonaia izan zen. Asko estimatzen nuen, afari bat egiteko konpromisoa genuen, eta horrela joan da".
Martin Garitano, Gipuzkoako ahaldun nagusia
Gipuzkoako ahaldun nagusiak doluminak eman dizkie Labaienen senideei. ""Gipuzkoar handi bat izan zen, lehen lerroko euskaltzalea eta euskal abertzale sutsua". Garitanok nabarmendu du Labaienek urte luzez lan egin zuela Gipuzkoako herritarren alde, baita Euskal Herri osoaren alde ere.
Eneko Etxeberria, Azpeitiko alkatea.
"Ramon Labaien hil berri da, abertzale sendoa, gizon aparta, euskalduna eta euskararen aldekoa. Gugan geratu dadila bera eta bere eredua".
Jaurlaritza
"Euskal kulturaren aro berria eusten duen oinarrizko zutabeetako bat" izan da Labaien Jaurlaritzarentzat. Lehen Kultura sailburua izan zen, eta hark egindako lanaren gainean oharra bidali du Jaurlaritzak. "Ezin da ulertu azken 30 urteotako euskal kulturaren garapena bere ekarpen nabarmena kontuan hartu gabe". Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta EITB sortzeaz gainera, HABE ere martxan jarri zuen "euskalduntzea sustatzeko tresna ezinbestekoa, gaur egun ere ekarpena egiten jarraitzen duena". Senideei eta lagunei "elkartasuna" ere adierazi die gobernuak, "une gogor hauetan".
Udalbiltza
"Euskal Herrian ardura instituzional garrantzitsuak izan zituen bere garaian" du gogoan Udalbiltzak, baina oroz gain, Labaienen "euskaltasuna eta Euskal Herriarekiko maitasuna" azpimarratzen ditu Udalbiltzak. "Doluminak haren sendiari".
EITB
EITBk "atsekabea" agertu du Ramon Labaienen heriotza dela eta. Senideei eta hurbilekoei doluminak adierazi dizkie, era berean. "Kultura sailburu ohi eta Donostiako alkate izandakoak jarri zuen abian duela 30 urte baino gehiago Euskal Irrati Telebista, ahalegin handiarekin, eta mila oztopori aurre eginez". EITBk, halaber, goraipatu du Labaienek kulturaren eta euskararen alde egindako "lan zabalarengatik".