EAE-ko aurrekontuak

"Berregokitu" ezean, EH Bilduren proposamena gauzatzea "ez da posible" EAJrentzat

EAJrekin bildu dira EH Bilduko kideak, Eusko Jaurlaritzako aurrekontuetarako egindako proposamena aztertzeko. Otegik esan du "tonu onean" egin dutela bilera, baina "zailtasunak" dituztela zifretan. Jeltzaleek EH Bilduri eskatu diote proposamena “aurrekontu eta eskumenek ezarritako esparrura egokitzeko”.

EH Bilduko eta EAJko kideak, gaur, Sabin Etxean. FOKU.
2018ko urriaren 29a
07:15
Entzun

Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen inguruan aritzeko bildu dira gaur EAJko eta EH Bilduko kideak; azken horrek egindako proposamena eztabaidatzeko, hain zuzen. Arnaldo Otegi, Maddalen Iriarte eta Nerea Kortajarena izan dira EH Bilduren aldetik, eta Andoni Ortuzarrek, Joseba Aurrekoetxeak eta Josune Gorospek osatu dute jeltzaleen ordezkaritza. 10:00etan elkartu dira, Sabin Etxean (Bilbo).

"Aurten olatu sozial handia egon da: emakumeak, pentsiodunak...", esan du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak bileraren ondoren: "Aurrekontuek ezin diote horri bizkarra eman". Otegik berak eta Maddalen Iriarte Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak iragarri zuten talde parlamentarioa prest legokeela Jaurlaritzaren 2019ko aurrekontuak ahalbidetzeko, baldin eta EAEko gobernuak politika sozialak zuzenduko balitu. Horretarako, bi abstentzioren bermea emango luke aurrekontuen bozketan. Zehazki, pentsiorik apalenak osatzeko 350 milioi euro inbertitzea eta enplegu politiketarako beste 70 milioi euro jartzea proposatu du EH Bilduk.

Josune Gorospe legebiltzarkideak egin du EAJren balorazioa. Haren hitzetan, "ez da posible" Jaurlaritzaren politikak iraultzea, dagoeneko "gehien behar duten pertsonengana bideratuta" daudelako. "Mantendu eta indartu egin behar dira politika sozial horiek", esan du Gorospek, baina ohartarazi du kontuak "onbideratzea" ere beren betebeharra dela.

Hala, EH Bilduri eskatu dio proposamena "berregokitzeko", kontuan izanda Jaurlaritzaren "aurrekontu eta eskumenek ezarritako esparrua". Gorospe: "Prozesu negoziatzaile bat da hau, eta denek utzi behar dute zerbait akordio batera iritsi ahal izateko".

Azpiazu: "Bideraezina"

Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburu Pedro Azpiazuk, ordea, "bideraezintzat" jo du proposamena, EH Bilduk diru sail handiegia eskatu duelakoan. Azpiazuren esanetan, Jaurlaritza "ezin da sartu" pentsioen gaian, Madrilek kontuak errekurrituko lituzekeela-eta. Dena den, Radio Euskadin egindako elkarrizketan, ez du ezer zehatzik esan nahi izan gaurko bileraz: "Hori alderdi horiei dagokie". Negoziatzen jarraitzeko prest agertu da: “Hilabete daukagu emendakinak aurkeztu baino lehen akordioak lortzeko. Guk guztiekin hitz egingo dugu”.

Proposamen "egingarria"

Kortajarenak atzo azaldu zuenez, "jarrera ona" espero dute EAJrengandik, Jaurlaritzan haren bazkide den PSErekin egindako bilera gogoan: "Sintonia egon zen, eta gai hauen inguruan aritzeko interesa eta prestasuna adierazi ziguten". Legebiltzarkideak nabarmendu zuen "eraldatzailea, eraikitzailea eta egingarria" dela EH Bilduren proposamena: "Herritarrek argi esan digute gauza beste modu batera egiteko unea dela, pertsonak eta haien bizi proiektuak politiken erdigunean jartzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.