emakumeen aurkako indarkeria

Berrehun lagun inguruk Nagore Laffageren familiari babesa adierazi diote epaitegiaren kanpoan

Gaur hasi da hilketaren epaiketa, Iruñean. 2008ko uztailaren 7an hil zuten Irungo gaztea, eta ustezko hiltzaile Jose Diego Yllanesek bihar deklaratuko du. Fiskalak eta Laffageren familiak 20 urteko espetxealdia eskatu dute, eta herri epaimahai batek ebatziko du.

2009ko azaroaren 2a
17:44
Entzun
Gaur hasi da Iruñean, Nafarroako Auzitegi Nagusian, Nagore Laffage gaztearen (Irun, Gipuzkoa) hilketari buruzko epaiketa, eta epaitegiaren kanpoan berrehun lagun inguru bildu dira gaztearen familiari babesa eskaintzeko. Manifestazioa ere egin dute epaitegi atarian Nagore, zure oroimenez lemapean. Asun Casasola Laffageren amak "ezetz esateagatik alaba galdu" dutenak gogoan izan ditu. 2008ko uztailaren 7an izan zen hilketa, eta ustez Jose Diego Yllanes izan zen egilea. Bi delitu leporatzen dizkiote: Laffageren hilketa eta haren gorpua profanatzea. Azaroaren 11n bukatuko da epaiketa. Bihar deklaratuko du Ylanesek.

Herri epaimahaia aukeratu dute gaur, sei emakume eta hiru gizonezkok osatuko dutena. Akusazio gisa aurkeztu dira Fiskaltza, Laffageren sendia, Irungo eta Iruñeko udalak, Nafarroako Berdintasunerako Institutua eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak. Hogei urteko espetxealdia eskatu du fiskalak, hilketagatik ezar daitekeen handiena. Familiak hogei urte eta bost hileko kartzela zigorra eskatu du, hilketagatik eta gorpua profanatzeagatik. Herri epaimahai batek ebatziko du.

Jende andana bildu zen larunbatean ere Iruñean, Vinculo plazan, Nagore zure omenez lelopean egindako elkarretaratzean. Justizia eskatu zuten.

Hamasei hilabeteotan gogor borrokatu da Nagore Laffageren ama: Asun Casasola. Epaiketaren zain igaro dituen hilabeteak "oso gogorrak" egin zaizkiola onartu duen arren, Justizian sinesten jarraitzen duela berretsi du. "Nik nahi dudana nire alaba hil zuenak espetxean ahalik eta urte gehien igarotzea da", esan du Casasolak.

Salaketaren eta ikerketaren arabera, San Fermin egunez gertatu zen dena. Autoak dioenez, "Yllanesen etxera joan zen Laffage, eta sexu harremanak izateari uko egin ondotik, hil egin zuen hark". Tere Saez Andreako koordinatzaileari sinesgaitza egiten zaio oraindik gizonezko batek emakumezko baten ezetza ez onartzea. "Azken batean, Yllanesek ezetz esan ziolako hil zuen Laffage", dio. Iritzi berekoa da Casasola ere. Saezek harago ere egin du gogoetetan: "Ustezko hiltzaileak egun dugun hiltzailearen irudia guztiz apurtzen du, ez baita ez txiroa ez eta kultura maila baxukoa ere".

Yllanes Iruñeko familia "garrantzitsu" bateko kidea zela segituan ohartu zela dio Casasolak. "Hilketa gertatu, eta laster Yllanesen argazkiak desagertu egin ziren, eta beste hiltzaileen irudiak, berriz, segituan ikusi ahal izaten dira komunikabideetan", salatu du. Yllanes familiak duen botere horren beldur dela dio Casasolak. Hala ere, oso pozik dago azken urte eta erdian jaso duen babesarekin. "Nagore falta zaigunetik 130.000 lagunen sinadurak jaso ditut babes gisa", dio, gustura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.