Berrerabiltzearen eta birziklatzearen balio ekonomikoa goretsi du Europak

Alduntzinek iritzio dio Bruselak Gipuzkoan ezartzen ari den zaborren kudeaketa sistema babestu duela

Gipuzkoako Aldundiak El Salvadorko Amuchades mankomunitateko kideei egindako harrera. BERRIA.
ainara arratibel gascon
2012ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
EB Europako Batasunaren arabera, hiru dira hondakinen kudeaketa hobetzeko tresnak: zabortegira botatzeagatik eta erretzeagatik jartzen diren zergak eta debekuak, sortutako hondakinen araberako ordainketa eta enpresentzako ardura programak. «Berrerabiltze eta birziklatze emaitza hobeak lortu dituzte halako neurriak sustatu dituztenek», adierazi du Europako Ingurumen komisario Janez Potocnikek. Horien alde egitea galdegin die herrialdeei. «Funtsezkoa da horiek bultzatzea, zaborren kudeaketan ezarrita dauzkagun xedeak bete nahi baditugu. Ikuspegi ekonomiko batetik erakargarriago egin behar dira prebentzioa, birziklatzea eta berrerabiltzea». Txosten batean bildu du proposamena EBk.

Zaborren kudeaketa eraginkorrago bat lortze aldera, helburu hauek ezarri ditu EBk: zabortegiak ixtea —2016ra arte dute horretarako epea herrialdeek— , birziklatzea eta berrerabiltzea muturreraino sustatzea eta birzikla ezin daitekeen zaborra soilik erretzea. «Hondakinak baliabide ekonomiko oparoa dira, baldin eta aipatutako neurriak betetzen badira. Industria oparo bat era daiteke haien inguruan, eta milaka lanpostu sor daitezke».

Potocnikek emandako datuen arabera, 2008an 145.000 milioi euroko negozio zifra izan zuten birziklatze enpresek. 2.000.000 langile ari ziren enpresa horietan lanean. Ingurumen komisarioaren arabera, araudia betez gero beste 42.000 milioi euroko negozio zifra lor daiteke, eta 400.000 lanpostu sortu.

Gipuzkoako Foru Aldundiak txostenaren garrantzia nabarmendu du. «Gipuzkoan ezartzen ari den sistemaren alde egiten du, erraustea eta isurtze politikak gutxietsiz», esan du Juan Carlos Alduntzin Ingurumen diputatuak.Hala, galdera egin du: «Nola da posible lehengaiak erre nahi izatea, Europak urrea direla esaten badu?».

Ezartzen ari diren hondakinen politikari eusteko konpromisoa hartu du Alduntzinek. «Europanproposatzen dena indarrean jartzeko lehen pausoak ematen ari gara Gipuzkoan. Biharko Euskal Herria ari gara eraikitzen».

Europako Batasunarengomendioak ikusita, «zentzuz» jokatzeko eskatu die lurraldeko eragileei. «Izan gaitezen bizkorrak. Ataka zail batetik irten eta urrezko aukera bat balia dezagun. Europak argi hitz egin du. Legeak gero eta zorrotzagoak izango dira, ez dute beste biderik utziko, denbora kontua besterik ez da. Ez gaude denbora galtzeko. Has gaitezken gaurtik biharko Euskal Herria eraikitzen».

Usurbil, «eredugarri»

Espainiako Gobernuko Ingurumen Ministerioak, berriz, «eredugarritzat» jo du Usurbilgo (Gipuzkoa) hondakinen atez ateko bilketa. Ministerioak jarduera eredugarrien bilduma egiten du bere webgunean, eta horien artean aipatu du Usurbilgoa. Bertan nabarmendu du herritarrekin egindako parte hartze prozesu «zabal» baten ostean jarri zutela gaikako bilketa. Sistemaren inguruko xehetasunak ere ematen dituzte.

Usurbil izan zen Euskal Herrian atez atekoa ezarri zuen lehen herria. Egun, beste hiru herrik ere martxan dute sistema hori: Hernanik, Oiartzunek eta Antzuolak. Datorren urtean, berriz, beste 34 hasiko dira hondakinak gaika biltzen. Gipuzkoako Foru Aldundiak babesa azaldu die herri horiei. Alduntzinek berak behin baino gehiagotan nabarmendu du birziklatze maila altuena lortzen duen bilketa sistema dela eta leku askotan egiten dela.

Atzo bertan, Alduntzinek harrera egin zien El Salvadorren atez ateko bilketa egiten hasi diren Amuchades Mankomunitateko ordezkariei. mankomunitate horretako hamabost udalerrik egin dute bilketa sistema horren alde. 70.000 lagun ingururi jasotzen dizkiete hondakinak atez ate. %80 birziklatzera iritsi dira herri horietan. Lortutako emaitza onak eta sistemaren onurak nabarmendu dituzte El Salvadorko ordezkariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.