Arratsaldean batzarra egin arte egoitza okupatzen segituko dute, beraz. Gaur goizean eman dituzte baxoko emaitzak, eta Etxepare lizeotik aurkeztu diren 47 ikasleetatik 45ek lortu dute gainditzea, bi gelditu direlarik irailerako. Murgiltze ereduaren emaitzak begi bistakoak direla eta, ikasle zein irakasleentzako txaloak eskatu zituen Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak. Berri pozgarri horrek, aldiz, tokia utzi zion errealitateari, eta tonu serioagoa baliatu zuen. "Azken hilabeteotan hitzak baino ez ditugu; haizeak eramaten ditu". Biltzeko proposamena ofizialki berresteko eskatu du.
Hirugarren egunez, PSren egoitzan dago Seaskako guraso eta irakasle talde bat. Seaskari ez dio oraindik eman bilkura proposamenik Frantziako Hezkuntza Ministerioak, eta, asteazken arratsaldean iragarri bezala, PSren Baionako egoitzan segitzen du, hitzordu horren zain.
Goizeko zazpietan Baionako PSko diruzain Christian Muratek alderdiaren egoitzatik “alde egiteko” eskatu dio Seaskako guraso eta irakasle taldeari. Ostantzean, jakinarazi die Alderdi Sozialistako departamenduko Patrice Laurentek salaketa ezarriko duela.
Colette Capdevielle PSko senataria atzo arratsaldean alderdiko egoitzan egon zen Seaskakoekin. Seaskakoek adierazi dute suprefetarekin hitzordu bat nahi dutela.
Hur Gorostiaga Seaskako zuzendaria PSri mintzatu zaio: “Bi aterabide dituzte; konponbide bat lortu edo egoera gehiago okertu salaketa ezarriz eta poliziak igorriz”. Gorostiagak “lehen bidea” lortzeko nahia azaldu du. Aldi berean, jakinarazi du François Hollande presidentearekin edo Vicent Peillon Hezkunde Nazionaleko ministroarekin hitzordurik lortu arte ez direla beraien gisaz mugituko.