Iazko ekainean Huamuxtitlango biztanleek kontra egin ziotenean hamar laguneko komando bati, hemezortzi herritar bahiturik zeuzkalako, lortu zuten erasotzaileetako sei atxilotzea. Baina handik urtebetera, bi baino ez zeuden preso, agintariek esan zietenez, eta ez zieten bahiketa leporatu, baizik eta armak eduki eta autoak lapurtzea.
Beste hainbeste gertatzen da herrialdeko beste toki batzuetan: herritar batzuek erabakita daukate, polizien gaitasun falta ikusirik, berek geldiaraziko dituztela delitugileak. Horregatik, Polizia komunitarioak dituzten Guerreroko herrietan, erabakita daukate berek aplikatuko dutela justizia, nazkatu baitira ikusirik agintariek libre uzten dituztela narkotrafikoarekin edo ustelkeriarekin zerikusia dutenak.
Agintari Komunitarioen Eskualde Koordinakundean (CRAC), 1994an sortu zituzten lehenbiziko Polizia herritarrak, eta handik lau urtera hasi ziren justizia indigenari dagokion sistema bat antolatzen.
"Hasieran, erasoka ibiltzen zirenak atzeman, horixe egiten genuen, baina justiziaren esku utzi, eta berehalaxe libre zeuden, eta erasoan berriz ere", azaldu du CRACek San Luis Acatlanen duen herri irratiko koordinatzaileak , Francisco Delfino Ramosek. "Orduan, batzarrak egin ziren, eta justizia eta segurtasun sistema sortu zen. Hemen delitu haiei jazartzen zaie: lapurretari, abere lapurretari, bortxaketari, zorrei eta zurrumurruei", azaldu du.
Hau da, homizidioa eta beste delitu batzuk ohiko justiziak hartzen ditu. Ramosek gaineratu du ezen, bi sistema judizialen arteko gatazkarik ez izateko, biktimak erabakitzen duela zeinetara jo: bat aukeratzen duenean, besteak ezin du inolako eskumenik izan kasu horretan.
"Justizia komunitarioak, lehenik eta behin, adiskidetzea bultzatu nahi du. Hau da, aurrena, parteei deitzen zaie, hitz egin dezaten, ados jar daitezen. Eta ados jartzen ez badira, orduan justizia ezartzen saiatzen gara", zehaztu du. Honek badu beste berezitasun bat: berreziketa du oinarri, ez zigorra. Zigorrak biktimaren erreparazioa eta komunitatearentzako zerbitzuak izaten dira. "Zigorra kaleak eskobatzea da, zaborra biltzea, polizia etxea garbitzea...", kontatu du Tomas Mayok, Gerrero Estatuko Herrien eta Erakundeen Batasuneko (UPOEG) polizia komunitarioko eskualde koordinatzaileak.
UPOEGek urtarrilaren 5ean bere polizia komunitarioak bultzatu zituenean, bere justizia sistema ere eratu zuen, zenbait delitugile ohiko justiziaren esku utzi eta hark askatu ondoren. Beste hainbeste egiten du Herri Poliziak, zeren, Yoltsin Ceferino PCPko Gobernu Kontseilukoak nabarmendu duenez, "Polizia ofizialaren esku utziz gero, zer egiten diete? Jotzen hasi, torturatzen hasi, eta ateratzen direnean, zentzaturik atera beharrean, are haserreago ateratzen dira, eta are delitu gehiago egiten dituzte". Eta gaineratu du: "Denok dakigu ministerio publikora eramaten badugu bat, dirurik baldin badau, ordaindu, eta aske uzten dutela, zernahi ere egin duen, eta ostera hasten dela nehi duena egiten".
Ramosek zehaztu du beren justizian kondenaturikoak ez daudela ohiko kartzeletan, baizik eta justizia etxeetan; halakoetan, kasurik larrienak aparte utzirik, "ez dira itxita egoten, ez daude espetxeraturik, baizik eta eskobatzen ibiltzen dira, mandatuak egitera joaten dira... Ez dago hesiturik, eta, hala ere, ez dute alde egiten. Jende asko harritu egiten da".
Kondenatuen jarreraren arabera erabakitzen da haiek askatu eta berriz gizarteratzea. PCPn, terapia psikologikoa egiten dieten, eta psikologoek erabakitzen dute noiz dauden prest aske geratzeko. CRACen, berriz, zerbitzu komunitarioak egin dituzten herrien balorazioaren arabera erabakitzen dute, eta herriko adinduek ematen dituzten aholkuen arabera.